Internet arautzeko erreforma onartu dute Venezuelan

2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Telebista eta irratia «interes publikoko zerbitzu» bihurtzeaz bat, Interneten «eduki debekatuak» izango dira hemendik aurrera Venezuelan. Erabaki horiek hartu zituen Venezuelako Parlamentuak herenegun. Ikus-entzunezko hedabideak eta hedabide elektronikoak arautzeko lege erreformak onartu zituzten. Kazetarien gremiokoek eta eta oposizioko alderdiek adierazpenaren kontrako erasotzat jo dute lege erreforma, eta zentsura bultzatzen duela salatu dute. Lege horren artikuluetako batek Interneteko zein eduki den debekagarri azaltzen du: delituaren apologia egiten duten edo delitura bultzatzen duten edukiak, Gerrarako propaganda direnak edota ordena publikoa nahasten dutenak debekatuko ditu Gobernuak. Artikulu horrek berak behartu egiten ditu Interneteko zerbitzuen hornitzaileak eduki debekagarriak izan ditzaketen webguneen eskaintza murrizteko mekanismoak ezartzera. Oposizioko alderdientzat legeak murriztu egiten ditu herrialdeko askatasunak: «Konstituzioaren, adierazpen askatasunaren eta komunikatzeko askatasunaren aurkakoa da erabat», adierazi zuen Ismael Garcia Podemos zentro ezkerreko alderdiko diputatuak.

Bestetik, Amerikako Estatu Batuetan ere atzo ziren Interneteko neutraltasuna bermatzeko legea bozkatzekoak. Interneteko konexio hornitzaileek edukien arteko deskriminaziorik ez egitea du helburu legeak. Komunikazio Batzorde Federalak bozkaturikoa Kongresuak berretsi beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.