"OCDEren informeak enplegua eta ekonomia hobetzeko irakaskuntzan inbertitzea ezinbestekoa dela dio. Irakaskuntza Publikoan inbertitzeari uzten bazaio, epe laburrean hezkuntza sistemaren ahultasun orokorra ekarriko luke, eskola bertan behera goiz uzten duten ikasleriaren gorakada eta porrot eskolarra handituko litzateke errefortzu programak eta ikaslegoaren banakako arretaren gutxitzearen ondorioz.
OCDE eta Europar Batasuneko herrialde gehien-gehienek Hezkuntzako inbertsio publikoaren aldeko jarrera tinkoa dute. Gauzak honela, OCDEko herrialdeetan hezkuntzako batezbesteko inbertsioa Barne-produktu gordinaren %5,8koa da (BPG), eta Europako Elkartean %5,5ekoa. Estatu espainolean Hezkuntako inbertsio publikoa PIBren % 4,5ekoa da, eta irakaskuntza ez-unibertsitarioa kontuan hartzen badugu soilik, %3,28koa. Honako diru publikoa bi sare ezberdinetan banatzen da: sare publikoa, eta sare pribatu kontzertatua. Hala ere, integrazioarekiko konpromisoak eta batasun soziala bi sareetan ez dira berberak.
Nafarroako kasuan, sare publikoak ikasleen %62 hartzen du 137 herri eta hirietako ikastetxeetan. Sare pribatu-kontzertatuak, berriz, ikasleen %38 hartzen du, eta 24 herritan, gehienak eskualde jendetsuenetan, bereziki Iruñeko hirigunetan eta Tuteran ere. Garbi dago sare publikoak gure herrialdearen ikasle guztien arreta bermatzen duela, eta ez duela inor baztertzen.
Sare publikoak bere ikasgeletan ditu arreta berezia eskatzen duten ikasleen %80. Ikusi adibide hau: aniztasuna atenditzeko Bigarren Hezkuntzako talde berezien eskaintza osoaren %75ekoa da sare publikoan.
Hala eta guztiz ere, sare publikoak kalitate handia erakutsi du, eta kanpo ebaluazioetan lorturiko emaitzak Estatuko hoberenen artean daude, eta inguruko herrialdeetako maila berean dago.
Nafarroako Hezkuntza Publikoa aspalditik izan da antzindaria aniztasuna atenditzeko egin diren neurri berrietan, irakasleen prestakuntzan, edota euskararen irakaskuntzan zein irakaskuntza euskaraz. Eta honelakoxea ere izan da azken urteotan kanpoko hizkuntzen irakaskuntzan, edo teknologia berrien ezarpenean, kalitate eta elkarbizitzarako programetan...
Zoritxarrez, haustura nabarmena ikusten dugu. Inbertsio publikoak orain arte izan duen gorako joera ez da lehentasuneko helburua orain, bukatu berria dugu legealdian, bederen. 2009 urtetik hona Hezkuntzako aurrekontuetan etengabe egin dituzte murrizketak.
Harrigarria bada ere, azken urteotan gorako joera izan du sare publikoan izena eman duten ikasleen kopuruak; pasa den ikasturtean Nafarroako gorakada Estatuko handiena izan zen. 2007-2011 tartean sare publiko ez-unibertsitarioan 3.030 unitate izatetik 3.336 unitate izatera pasa da ( ikasle taldeak). 276 talde berri hauek matrikularen %9ko gorakada suposatu dute.
2010eko Hezkuntzako aurrekontuetan beken-poltsa %6 jaitsi zen, Irakasleen Formakuntza %9 (2009. urtean %50eko izan zuen),Ikastetxeetako funtzinamendu gastua %7,5 gutxitzea, Teknologia berrietan %26, GIEn diru-laguntzen murrizketak... 2011ko aurrekontuetan Aniztasuna atenditzeko lerroaren murrizketa %18 ingurukoa da, irakasleen formakuntzarako murrizketa berriro ere %20koa, 0-3 ikastetxeen inbertsioan %7koa, Eskolaz kanpoko jardueren lerroa desagertzen da... eta hauek irakaskuntza publikoan urtez-urte ematen ari diren murrizketen adibide bakan batzuk baino ez dira.
Era berean, aurreko legealdian zehar, Nafarroko Gobernuaren partetik, Unibertsitate Publikoaren finantziazioak neurri murriztatzaile zorrotzak jasan ditu eta UPNAren iniziatiba gaintasuna modu esanguratsu batean murriztu da.
2010etik Gobernuaren ez-inbertsio (“aurrezpen”) politikak Hezkuntza Publiko ez-unibertsitarioan urteko 43 milioi eurokoak izatera helduko dira 2012ko aurrekontuetan. Hiru urte hauetan aurreztu dena 90 milioi eurokoa izan da, eta honi matrikulen bateratzeak ekarriko lukeen gehikuntzaren 47 milioi garbiak gehituko bagenizkio, hezkuntzan denetara 140 milioi euroko murrizketa izango genuke.
Ondoko datu hauek oraindik ere deigarriagoak dira baldin eta datu hauek kontuan hartzen baditugu: garai berean-90 milioi euro inbertitu dira Los Arcoseko zirkuituaren eraikuntzan, 68 milioi Arena pabilioian, AHTrako 45 milioi aurten, eta 180 milioi Endesako akzioak erosten eta bat ere lehentasuna eduki beharko ez luketen hainbat proiektutan ere. Hau guztia jatorri publikoko diruaz (zerga zuzen eta zeharkakoetatik jasota).
Honengatik guztiagatik sare publikoko hezkuntza komunitateko eragileok bildu gara gaur Irakaskuntza Publikoaren aldeko mezu hau adierazteko asmoz.
1. Gure Parlamentuko ordezkariei eta agintariei dei egiten diegu Irakaskuntza Publikoaren kalitatean hobekuntza ekarri duten neurrietan atzerapausurik ez egotea berma dezaten.
2. 2012ko aurrekontuetan murrizketa berririk izango ez delako bermea nahi dugu. Era berean, Gobernuaren konpromisoa exijitzen dugu aitortuz ikasturte honetarako hartu diren neurriak behin behinekoak direla eta denboran mugatuak, eta ahalik eta azkarren hezkuntzako inbertsioan zegoen urteroko gorako joera errekuperatuko dutela, bai giza baliabidetan (lanpostuak errekuperatuz), bai azpiegituretan (jolastokiak,patioak…)
3. Aniztasunaren arreta behar bezala emateko neurri egokiak hartzeko eta behar diren errekurtsoak jartzeko exijitzen diogu Hezkuntza Sailari.
4. Irakaskuntza Publikoarekin konprometiturik dauden guztiei (Guraso, senide, etapa guztietako irakasle eta ikasleak…) dei egiten diegu aurten egiten ari diren murrizketen aurka eta Hezkuntza Publikoan 2012ko aurrekontuetan eman daitezkeen murrizketen aurka mobilizatzeko.
5. Manifestu hau sinatzen dugun eragileok egungo eskola publikoaren gainean ikuspuntu ezberdinak ditugu, baina ondoko puntuan bat egiten dugu: Nafarroako jendarte osoarentzat ekitatearen eta gizarteratzearen bermea den kalitatezko eskolaren bidean aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugula. Murrizketa hauek kontrako bidean eramanen gaituzte.
6. Gure seme alabentzako hezkuntzarik hoberena nahi dugu. Krisi hau dela eta gure oraina hipotekatu dugu, baina ez dezagun etorkizuna arriskuan jarri.