IRITZIA. Ez gure izenean (Jaione Arratibel eta EAko beste udal ordezkari batzuk)

2009ko urtarrilaren 16a
12:26
Entzun
Euskadiko hainbat udaletako ordezkariak garen Eusko Alkartasunako kideak gara eta ez dugu bat egiten Azpeitian eta beste hainbat herritan gure alderdikideek hartu dituzten jarrera eta erabakiekin. Naiz eta gutxitan gertatu den, hainbat herritan EAk ANVkin gobernua osatzea guztiz onartezina eta arbuiagarria iruditzen zaigu. Nahiz eta lege ikuspuntu batetik ANVk udal ezberdinetan lortutako ordezkaritza publikoak zilegitasun osoa izan, ikuspuntu politiko batetik onartezina iruditzen zaigu pertsona ororen oinarrizko eskubideen urraketa justifikatzen dutenekin udal gobernuak osatzea. Herri bakoitza mundu bat da eta herritarrak ordezkatzen dituzten aukera politiko guztien arteko integrazioaren eta elkarbizitzaren alde lan egin behar da beti. Beste gauza bat da, ordea, herritarren oinarrizko eskubideak errespetatzen ez dituenarekin gobernua osatzea.

Ez dugu onartzen ETAren ekintzak “samina eta tristura” sortzen dutela esatea ANVko zinegotziek eta gero “euskal gatazkaren” izenean justifikatu nahi izatea. Ez dugu onartzen arazo politiko batek, ezin bestean, “gatazka armatua” ekartzen duela esatea ANVko zinegotziek. Ez dugu onartzen edozein pertsonaren hilketak konponbidera hurbiltzen gaituela esatea ANVko zinegotziek “gatazkaren konponbidearen beharra eta urgentzia agerian” uzten duelako. Ez dugu onartzen ANVko zinegotziek “erabakitzeko eskubidea bermatzeko, Euskal Herritar guztion eskubideak defendatuko diren etorkizuna” aldarrikatzea eta bitartean, defendatu nahi dituzten eskubide berdinen urraketa justifikatu nahi izatea. Prentsaren aurrean, Azpeitiko zinegotzien gehiengo batek aurkeztutako zentsura mozioa gaitzesteko, ANVko hainbat alkatek erabilitako argudio hauek “ezker erradikalak” historikoki udaletan erabili izan dituen argudio berdinak dira. Horrela bada, ANVko zinegotziek dituzten udal arduretan, politikaren aldeko apustu garbi bat eginez, gure herrien eraikuntzarako espazio eta forma berriak landu beharrean, betiko “gatazka eta borroka” eskemak errepikatzen dituzte.

Hainbat alderdikidek, hala ere, galtzekoak neurtu gabe, Udal gobernuetan, nahiz beste erakundeetan, aldaketak egitea demokraziarentzat ona dela justifikatu nahi dute. Gure ustea guztiz kontrakoa da. Gure alderdikideek “ezker erradikalaren” edozein bertsiorekin gobernua edo hauteskunde zerrenda osatzen dutenean, biolentzia eta beldurraren estrategia justifikatzen dutenekin ardurak partekatuz, udaletako egikaritza erabat baldintzapetzen dute. Jardun politiko hau onartezina da, instituzioak ahultzen ditu eta beraz, demokrazia kaltetzen da.

Arrasaten eta ANVk lehen indarra izanagatik, naiz gutxiengoarekin izan, bakarrik gobernatzen duen gainerako udalerrietan, arrazoi ezberdinengatik 2007ko ekainean gainerako alderdiak bere herrietan egiazko gobernu alternatiba bat osatzeko gai izan ez zirelako egiten du. Tamalez, biolentzia eta beldurraren estrategia defendatzen dutenen jarrera ez da ezer aldatu ordutik. Gainera, desiragarri izan arren, gainerako alderdien arteko harremanak ere ez dirudi egiazko gobernu alternatibak osatzeko biderik emango dutenik. Hala ere, hauteskunde batzuen emaitzen ondorioz sortutako udalak dira, beraz, ez zaigu iruditzen zenbaitzuk bultzatu nahi duten marra etikoa zentsura mozioen promozioa izan behar duenik. Bide honek zein ETAren biolentzia bidezko dela esaten duen ingurune bat ahultzarren, ANV udaletatik ateratzearen bideak, egiaz, erakundeen ahultzea dakar eta ondorioz baita demokraziarena ere. Oinarri juridiko ahulen gainean legeak egiten dituenak eta justiziari erabaki “ohiz kanpokoak” hartzera bultzatuz, behin eta berriro, herri honen erakundeei egonkortasuna galarazi nahi dienak demokrazia marraskatzen ari da etaberaz, ordezkatzen duen gizarteari kalte egiten. Ekimen hauek ETA nahiz biolentzia bukatzearen aitzakiarekin bultzatzen dira, aitzitik, lortzen duten gauza bakarra erakundeak eta bertan lan egiten dugun udal taldeak ahultzea da. Erakundeetako ordezkari garenez, espainiar erakundeetatik euskal erakundeen aurka egiten ari den ekimenoro gaitzesten dugu.

Zinegotzi garenok egunero udaletatik gure herritarren bizi kalitatearen eta elkarbizitzaren alde egin behar dugun lanaren berri badugu. Horregatik begiratzen diogu ilusioz etorkizunari, etorri behar duten garaiak beti baitira hobetzeko beste aukera bat, arduraz jokatuz eta akordioak eginez, gehiengoaren onerako lan egiteko beste aukera bat. Udalak eta ordezkatzen dugun gizartea aldaketen garaian daude eta politika egiteko era berriak eskatzen dizkigu garai honek. Tokiko eta mundu mailako krisi ekonomikoa, buruaskitasun energetikoaren erronka, tokiko ingurumenaren babesa nahiz mundu mailakoa, gizarte babesaren iraunkortasuna eta gizarte osoaren formakuntza eta ikaskuntza exijentzia berriak dira, beste batzuen artean, erakundeetatik lideratu eta landu behar ditugun erronkak, hala eskatzen digu ordezkatzen dugun gizarteak. Horretarako, ezberdinen arteko akordioa ere oinarri izango duen kultura politiko berri bat behar dugu, gehiengoaren ongiaren bilaketa utziezinari eusteko. Eguneroko lan honetan, Giza Eskubideen bidea denok hartu behar dugun bidea da eta honetan epelkeriak ez du tokirik. Alde batetik pertsonen oinarrizko eskubideen urraketak eta beste aldetik blokeo politikek eta enfrentamenduak agortzera garamatzate, erakundeak ahultzen dituzte, demokraziak galtzen du eta ordezkatzen dugun gizartea pobretzen dute.

Jaione Arratibel (Donostian zinegotzia)

Joxemari Burgos (Errenterian zinegotzia)

Mertxe Garate (Eibarren zinegotzia)

Jon Urien (Zarautzen alkatea)

Ion Elizalde (Hondarribian zinegotzia)

Juan Ramon Larrañaga (Legazpin zinegotzia)

Martin Beramendi (Oiartzunen zinegotzia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.