IRITZIA. Gogoratzen gara (Maite Asensio)

2009ko azaroaren 20a
13:35
Entzun
"Hau da gure aita hil zutenean kontsultan zegoen umea". Urtero, azaroaren 20an, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren omenez egin ohi den ekitaldia amaitzean, eskutik heldu eta senide zein lagunengana eramaten nau Edurne Brouardek. "Badakit ez zaizula gustatzen", esaten dit, "baina egin egin behar dut". Euskal Herriko hainbat bezala, elkartasuna adieraztera joaten natzaio familiari, jakin dezaten gurean ere ez dugula ahaztu Santi militantea, Santi osagilea, Santi aita. Eta Santiren inguruko bidegabekeria.

Ostiralean 25 urte beteko dira Santi Brouard hil zutela, kontsultan, ni artatzen amaitu eta minutu gutxira, nire gurasoen aurrean. Hamazazpi hilabete nituen; ezertaz oroitzeko txikiegia nintzen, baina gertatuakoaren irudia eraikita daukat buruan, etxean entzundakoen harira. Ordea, une hartan soilik ez, hurrengo urteetan jazotakoak ere biltzen gaitu urtero.

Askotan galdetu didate nola markatu izan nauen kontsultan zegoen ume hura izateak, eta ez dut inoiz jakin zer erantzun. Batzuei ez zaie gustatuko, baina une hark ez du nire izaeran eragin. Aldiz, errealitate batera gerturatzeko aukera eman dit, bidegabekeria gordinera, zigorgabetasun krudelenera, eta familiaren saminera. Gogoratu beharrik ez dago asko izan zirela Brouarden hilketari buruzko ikerketa trabatzen saiatutakoak. Eta, neurri batean, lortu ere egin zuten, hilketa politiko haren benetako erantzuleek ez dutelako zigorrik bete.

Baina justiziaren bila egia eskuratu dugu, eta Euskal Herriak badaki 1984ko azaroaren 20an Espainiako Estatuaren aparatuek hil zutela Santi Brouard. Aitorpen hori nekez helduko da bide juridikotik; beraz, historiak omen du beharko du Santi. Izan ere, bidegabekeriak askoz bidegabeagoak dira ahaztu egiten direnean, edo ezkutatzen dituztenean. Horregatik, guztioi dagokigu Santi Brouard zena gogoratzea, 80ko hamarkadatik aurrera jaiotako gazteek ere eredutzat eduki ditzaten haren militantzia; haren izaera lasaia, errespetuzkoa; haren solaserako dohain irekia baina irmoa. “Santi hitz egiten entzun bazenu, liluratuta geratuko zinen”, esan ohi dit aitak.

Santi Brouarden sendiari besarkadarik beroena helarazi nahi diot. Ondo azaltzen ez dakidan zerbaitek lotzen gaitu, elkartasun sentimendu berezi batek. Datozen egunetan elkar ikusiko dugu, Edurne; eskutik heldu eta senideengana eramango nauzu, “badakit ez zaizula gustatzen” esango didazu, eta nik irribarrez erantzungo dizut. Zuk ulertuko duzu ez dagoela arazorik, eta harro esango duzu, urtero bezala, kontsultan zegoen ume hura aitarekin gogoratzen dela.

--

(=iAzaroaren 15ean BERRIAn 'Igandea' gehigarrian Santi Brouard eta Josu Muguruzaren hilketez argitaratutako erreportajeko iritzi artikulua da=i).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.