IRITZIA. Kriminalizaziorik ez! Azpeitia berria aurrera! (Leire Ibarguren, Azpeitiko hautetsi independentisten izenean)

2009ko urtarrilaren 16a
10:37
Entzun
Orain dela urte eta erdi inguru Azpeitiko udaletxean udal gobernu berria eratu genuen gobernu akordio batean oinarrituta. Ordura arte PNVk urteetan egindako udal politikaren alternatiba erreal bat posible dela erakutsi nahi genien herritarrei. Bitarte honetan proposamenak eta ekarpenak egiteko guneak zabaldu ditugu, herri bat herritarrek eraiki behar dutela pentsatzen dugulako. Azpeitiarren partehartze zuzenarekin herri bizi eta aktibo bat eraikitzeko oinarriak jartzea izan da gure helburua.

Datorren astetik aurrera ziurrenez PNV bere betiko udal politikara itzuliko da. Baina hau ez da bereziki kezkatzen gaituen zerbait, ezker abertzalea ez baita poltrona eta botere gosearen arabera ibiltzen. Guretzat udal bat gobernatzea ez da helburua, baizik eta bitartekoa da, beste herri eredu batean oinarritutako Azpeitia eraikitzeko bitartekoa. Eta aurrerantzean ere horren alde lanean jarraituko dugu.

Kezkatzen gaituena PNVk ezker abertzalearen kriminalizazioan hartu duen protagonismoa da. Madriletik datorren ezker abertzalea kriminalizatzeko estrategia babestu eta indartzeko PNV eta EA ematera doazen pausoak kezkatzen gaitu. Azpetiko udalean ez dago PP eta PSOE alderdi espainoletako zinegotzirik, PNV da, bere kabuz eta bere iniziatiba propioz ezker abertzaleko hautetsiok politika egiteko dugun zilegitasuna zalantzan jarri nahi duena.

Orain dela urtebete inguru, ANVren suspentsioa eman zenean, PNVko zortzi zinegotziek Azpeitiko udal gobernuak ateratako mozioarekin bat egin zuten. Ideien kriminalizazio salatu eta erakunde politikoen ilegalizazio prozesuen kontrako jarrera berretsiz kalera atera ziren udal gobernuarekin batera. Orain, urtebete beranduago, talde politikoak ilegalizatzeko erabiltzen dituzten argudio berdin berdinak bere egiten ikus ditzakegu ezker abertzaleari alkatetza kentzeko. Eta benetan kezkagarria iruditzen zaigu ilegalizazioaren aurka daudela esan eta argudio berdinetaz baliatzea etekin politikoa ateratzeko.

Eta bereziki kezkatzen gaituena, kondena eta ez kondenaren izenean politika egiteko ateak nola ixten dizkiguten ikustea da. Azpeitiko 6 zinegotziok urte eta erdi honetan herriaren alde egin dugun lan politikoaren duintasuna zalantzan jarri nahi izatea. Eta ildo hortatik, bide politikoak erabiltzen dituztenen kriminalizazioa, atxiloketak, jazarpenak eta torturak ahalbidetzen dituen estrategia politikoa indartzen dutela ikustea. Hori da bereziki kezkatzen gaituena. Bilboko epaitegian elkarrizketa eta negoziazioa aldarrikatzen duten bitartean guztiz kontrakoa den estrategia politikoan murgilduta ikusten dugu PNV eta honek behin betikoz herri hontako sufrimenduarekin bukatzeko hain beharrezkoa dugun konponbide politikotik urrundu egiten gaitu.

Bukatzeko, Azpeitiko 6 hautetsi independentistok, gure konpromisoa berresten dugu bide politikoetatik lanean jarraitzeko. Azpeitia berri baten alde eta Euskal Herriko sufrimenduarekin bukatzeko guztion arteko elkarrizketatik etorriko den konponbide politikoaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.