Otsailaren 1ean beteko dira lau urte Rocio Fragak (Tolosa, 1985) eta haren senarrak behar bereziak zituen haur bat harreran hartu zutenetik. Melani Zendoiak (Zarautz, 1988) eta haren senarrak, berriz, orain sei hilabete egin zuten urratsa. Hurrenez hurren, 10 eta 11 urteko mutikoak dituzte etxean. Aberasgarria, egundoko ikaskuntza, baina, aldi berean, momentu gogorrak ere badituena. Hala definitu dute batak zein besteak beren esperientzia. Bat etorri dira zailtasun nagusietako bat aipatzean ere: “Zure eskakizunak egokitu behar dituzu, 10 urteko haurrak izan arren, ezin dituztelako egin beren adinekoek egin ditzaketen gauza batzuk”.
Bi familiek azaldu dutenez, egunerokotasun nahiko arrunta dute: goizean jaiki, eskolara joan, eskolaz kanpoko jarduerak arratsaldean… Harrera familia espezializatu bihurtu aurretik, Fragak zortzi urtean egin zuen lan harrera etxe batean. Psikologia ikasketak ditu Zendoiak, eta baita arreta goiztiarrean master bat ere; halaber, lau urtez aritu zen Kolonbian bazterkeria egoeran dauden haurrekin lanean. Garapen psikologikoaz eta antzeko gaiez asko jakin arren, etxeko egunerokoan ikusten dituztenekin ari dira jabetzen zenbateko arrastoa uzten duten haurtzaroko tratu txarrek eta abusuek. “Burmuineko egitura anatomikoak ere aldatzen dituzte, eta haur horiek jada gauza batzuk ezin dituzte egin”. Detaile txiki ugari egoten direla dio Zendoiak: “Dutxatzeko plana, adibidez, begira zein sinplea den: toalla, barruko arropak eta galtzerdiak hartzea bakarrik. Bada, pauso horiek egiteko zailtasunak dituzte, eta ez ez dutelako nahi. Gureak, adibidez, ez du inolako atzerapen intelektualik; bizi izan duenagatik da guztia”.
Horregatik, harrera familiak umearengandik gauza batzuk espero ditzakeen arren, benetan egin dezakeena bakarrik eskatu behar zaiola gaineratu du Fragak. “10 urteko haur bat ikusten duzu, eta heldutasun maila bat eskatzen diozu; adibidez, nahi duzu etxeko lanak agendan apuntatuta ekartzea, baina ezin du. 4 urteko baten jarrerak ditu askotan”. Familiei hori ulertzea kostatu egiten zaiela azaldu du. “Lehen urtean, guk gaizki ikusten genuen, deseginda zegoen. Esperientzia mingarri hura ere gertu zeukan. Denborarekin, ordea, gehiago ikusten dugu bere adineko beste ume bat bezala; baina kontuan izan behar dugu motxila handi bat edukitzen jarraitzen duela, hasieran baino arinagoa izan daitekeen arren”.
Haur biologikoak ere bai
Harrerako haurraz gain, biek dute haur biologiko bana. “Normalean, jendeak haur biologikoa izaten du aurrena, eta gero hartzen du harrerakoa. Guk alderantziz egin dugu, harrerakoak urte eta erdi zeraman etxean ordurako”, azaldu du Fragak. Etortzera zihoan haurtxoak kezka batzuk eragin zizkion harrerakoari, haurdunaldian batik bat, baina ez luke esango hori izan denik lau urteotako gauzarik zailena. “Jaio zenean, eta berak ere etxean jarraitzen zuela ikusitakoan, lasaitu egin zen. Aurrena bera iritsi zenez, jada bazuen bere tokia etxean, eta hori ez da txorakeria bat, zeren ume hauek ohituta daude ia denagatik borroka egin behar izatera”. Hasieran Fraga erabat harrerako haurrarentzat egoteak eta senarrak ere denbora eskaintzeko aukera izateak lagundu egin ziela uste du.
Zendoiaren haur biologikoak 2 urte zituen harrerakoa hartu zutenean. “Horrexek animatu gintuen harrera familia egitera. Ikusi genuen haur guztiek izan behar luketela maiteko dituen eta denbora eskainiko dien familia bat”. Aldi berean, ordea, beren erabakiak haur biologikorengan izango duen eragina dute kezka nagusi: “2 urte bete berriak zituen etorri zenean. Ziklo naturala ez den arren, bat-batean anaia zaharrago bat sartu genion etxean, denbora eta arreta handia eskatzen dituena. Oraingoz, bien arteko harreman hori kudeatzea ari zaigu gehien kostatzen, biak babestu nahi ditugulako, baina jakinda bietako batek emozionalki behar bereziak dituela”.
Zendoiaren esanetan, badago errepikatzen den patroi bat: “Hasiera eztei bidaia baten modukoa izaten da, beren aurpegirik onena erakusten dute haurrek. Gurea hirugarren hilabete inguruan hasi zen oskola hausten. Orain, hasieran baino zailagoa ari da izaten, baina zoriontsu ikusten dugu, familia batean egoteko gogo handia zeukan”. Nabarmendu du luzera begiratu behar zaiola harrerari. “Hau ez da esprint bat, maratoi bat da. Haziak landatzen ari zara, eta ez dakizu noiz loratuko diren. Batzuetan badirudi atzera zoazela, baina ez da horrela, ernatzen ari dira hazi horiek”.
Alde horretatik, errealistak izatea komeni dela dio Fragak: “Familia askok pentsatzen dute oso erraza izango dela. Programa espezializatura iristen direnak, ordea, asko sufrituta datoz, eta momentu batzuk gogorrak izaten dira”. Balantzaren gainean alde onak eta txarrak jarrita, biek argi dute “oso-oso positiboa” ari dela izaten esperientzia. “Laurok ari gara izugarri ikasten”, dio Zendoiak. Adibide bat eman du Fragak: “Gureak, adibidez, hasieran zailtasunak izan zituen eskolan, eta orain lagun pila bat du, izugarri maite dute. Badakigu bere lana izan dela, baina baita gu bere bizitzan azaldu garelako ere. Nik beti ideia bat izaten dut buruan: ume hau irten dadila gure etxetik etorri zenean baino askoz hobeto”.