Iruñean -Gaztelu Plazan- bilkura isila egingo dute larunbatean, 17:30ean hasita, Nafarroako 28 etorkin elkartek antolatuta. Bakearen alde, indarkeriari ez izango da leloa, eta Iruñeko Legebiltzarrean ordezkaritza ofiziala daukaten alderdi denek bat egin dute ekimenarekin.
Antolatzaileek Barajasko atentatua gaitzetsi nahi dute bilkurarekin, "indarkeria oro salatu" eta atentatuan hil ziren bi ekuadortarren senideei elkartasuna adierazi. "Ekimena mugarria da, lehen aldiz, beste lekuetan ez bezala, elkarrekin egongo garelako indarkeriaren kontra", esan du gaur Marcelo Argañaraz antolatzaileetako batek agerraldian. "Guztiok arerio bera dugu: indarkeria, edonondik datorrena, edozein motakoa eta edonoren kontrakoa".
Etorkinen elkarteek eskatu dute inork ez egitea bilkuraren erabilpen politikorik, eta ikurrik, banderarik eta pankartarik ez eramateko.
ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek ere bat egin dute ekimenarekin, beste elkarte batzuen artean. Nafarroako AVT ez da bilkurara joango, leloarekin ez dagoelako ados, ETA ez delako aipatzen.
Iruñean bilkura isila egingo dute etzi, "indarkeria ororen kontra"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu