Euskal Herrian, Oñatin, egon zen hilaren 18an Ismael Barry 31 urteko enpresari ginearra. Mondragon Unibertsitateak eta Afrorum Euskadi foroak antolatuta, Euskal Herriko eta Gineako enpresariak bildu zituen, elkarlana bultzatzeko eta bi herrialdeen arteko negozio aukerak aztertzeko. Espainia da Gineako esportazioen bigarren helmuga nagusia, eta Europako Garapen Funtsaren finantzazioari esker, Hego Euskal Herriko enpresek aukera dute nazioarteko lizitazioak egiteko, batik bat eraikuntzaren, errepideen konponketaren eta kultura eraikinen eta ondare intereseko eraikinen zaharberritze eta egokitzapen arloan.
Barryk buruan duen sektorea, ordea, energia berriztagarriena da. Unibertsitatea amaitu ostean komertzial lanetan aritu zen, eta maitasunak eraman zuen Alemaniara. Han bizi da egun, baina Ginean negozio bat zabaltzeko proiektua du esku artean.
Alemanian sortu duzu zure konpainia. Zein sektoretan ari zara?
Digital Express izena du nire negozioak, eta garraioaren sektorean ari gara. Enpresa txikia da, bi langile ditut, eta, besteak beste, egoitza nagusia Alemaniako Bonn hirian duen DHL pakete banaketa konpainiarekin lan egiten dugu. Baina orain beste proiektu bat daukat esku artean.
Zein?
Nire jatorrizko herrialdean, Ginean abiatu nahi dut konpainia bat, energia berriztagarrien sektoreari lotutakoa.
Gineako ekonomian pisu handiena duen sektorea ere lehengai ez berriztagarrien ustiapena da. Zergatik egin duzu energia berriztagarriaren aldeko apustua hain zuzen ere Ginean?
Hasteko, energiarik barik ezinezkoa da herrialde bat garatzea. Ideia hori argi daukagu Ginean, batez ere sektore pribatuan. Energia barik ezinezkoa da pentsatzea nekazaritzaren edo industriaren garapenaren inguruan. Gineako herritarren %75 inguruk ez dauka argindar sarera lotura erregularrik, eta herri askotan ez dute inolako elektrizitaterik.
Energia berriztagarrien aldeko apustua egitea onuragarria litzateke Ginearen eta, oro har, Afrikaren garapen sozioekonomikoa bultzatzeko?
Nire ustez bai. Esan bezala, Ginearen kasuan argindarraren gabezia daukagu, eta elektrizitatea eskura ez badaukazu ezinezkoa da munduarekin harremanetan egotea. Esate baterako, ginear askok badituzte telefono mugikorrak eta ordenagailu eramangarriak, baina ezin dituzte erabili argindar gabeziagatik.
Zeintzuk dira Gineako ekonomiak gaur egun dituen erronka nagusiak?
Argindar sare egoki bat behar dugu, eta iturriko ura. Aldi berean, tokiko negozioak elkarren arteko harremanak izateko errepide sare bat eta zubiak ere beharrezkoak dira.
Azken lau urteetan %4tik gora handitu da urtero Gineako BPGa; iaz, esaterako, %6,7. Hala ere, munduko herrialde pobreenen artean dago oraindik. Zein da arazoa?
Funtsean, atzerriko inbertsio falta ikusten dut nik.
Afrikak atzerritik inbertsioetan jasotakoa baino gehiago galtzen du iruzurrezko fakturazioarekin. Mendebaldeko eta Asiako multinazional askok El Dorado bezala ikusten du Afrika. Zuk izaera bikoitza izanik, aldi beran enpresari europar eta ginearra izanik, zelan ikusten duzu Afrika enpresari begietatik?
Oso modu baikorrean ikusten dut Afrika, Asiako eta Latinoamerikako herrialde asko ikusten ditudan bezala. Datozen hamarkadak Afrikarenak izango dira; potentzialtasun handia dauka. Baliabide naturalak eta negoziorako aukera handiak ditu, eta gazteria kartsu bat.
Euskal Herriaren eta Ginearen artean negozioetarako aukerarik ikusten duzu?
Jakina. Batez ere, energia berriztagarrien sektorean, nekazaritzan eta eraikuntzan.