Israelek aske utzi ditu ekintzaile guztiak

2010eko ekainaren 2a
18:10
Entzun
Atzo gauean hartu zuen erabakia Israelgo Gobernuak: Gazara zihoazela atxilotutako 634 ekintzaileak askatzea, inolako ekinbide judizialik bideratu gabe. Nazioarteko presioari esker askatu ditu neurri handi batean, baina horrez gainera, indarrez Israelera eramandakoak legez kanpoko immigrante bezala hartzeak egoera nahasiegia eragiten zuela-eta hartu du erabakia, immigrante prozedurak hilabeteak iraun baititzake. Tel Aviveko aireportuetako batera eraman dituzte, segurtasun neurri gogorren artean, nork bere etxera bidea har dezan, eta lehenbailehen sortutako iskanbila isil dadin.

Bederatzi dira iturri ofizialen arabera herenegun hildakoak. Israelek nazioarteko uretan 750etik gora ekintzaile zeramatzan Askatasunaren Flotillari eraso izanak hautsak harrotu ditu mundu zabalean, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarentzat amets gaiztoa bilakatu da. Onartu du «nazioarteko presioa» handia dela, baina blokeoarekin jarraitzeko asmoa dutela, «Israelgo segurtasuna bermatze aldera». Presioa ere ez da espero bezain handia izan, inork gutxik egin baitu Israelgo Gobernua erantzule, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak kasu, erasoa gaitzetsita ere.

Hamasek gogor hartu ditu NBEk esandakoak. Adierazpena «epela eta desorekatua» izan dela eman du aditzera, eta Israelen aurka neurri gogorragoak galdegin ditu; Palestinako Aginte Nazionalari, hain zuzen, Israelekiko segurtasun elkarkidetza eta elkarrizketak eten ditzala eskatu dio.

Nazio Batuek ikerketa hasiko dute

Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak Israelen erasoa gaitzespen erabakia onartuko du gaur, eta operazioan urratu ahal izan diren nazioarteko eskubideak aztertzeko ikerketa bideratuko du. Israelek askatasunez nabigatzeko eskubidea urratu duela esan dute, eta Gazako blokeoa amaitzeko eskatu diote.

Turkiako Gobernuak harremanak izoztu ditu Israelekin

Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak gogorki kritikatu zuen atzo Israelen erasoa, "Israel zigortu behar dugu. Nazioarteko erkidegoak nahikoa dela esan behar du. Hilketa odoltsu hau gaitzesten dut". Israelek egindako operazioan lau ekintzaile turkiar hil ziren, eta hango 360 lagun baino gehiago atxilotu dituzte. Horrek guztiak krisi sakona eragin du Turkiaren eta Israelen arteko harremanetan, eta energia, merkataritza eta segurtasun arloetan erlazioak izoztu egin dituzte. Oposizioko lider Kemal Kiliçdarogluk elkarlana hausteko eskatu zion lehen ministroari, baina Erdoganek "gauzak ez dira orain artekoak bezala izango" erantzun zion soilik. Turkia eta Israel aliatu militarrak dira 1996tik.

Turkian protesta handiak egiten ari dira Israelgo Gobernuaren aurka. Ankaran ehunka pertsonako bi talde elkartu dira, bata Israelgo enbaxadorearen etxe parean eta bestea enbaxada aurrean. Istanbulen hango 21:00etan (Euskal Herriko 20:00etan) Israelgo Kontsulatuan elkartuko dira, eta hemengo 12:00etan Sultanahmet auzo turistikoan beste protesta bat egiten ari dira. Mazlunder Gobernuz kanpoko erakundeak "gizadiaren kontrako krimenak" salatzeko Sulanahmeteko Justizia Jauregian elkartzeko eskatu du.

Mobilizazioak ikusita, Israelgo Gobernua Ankaran lan egiten duten diplomazia langileen senideak Turkiatik ateratzen hasi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.