Israelgo Gobernuak Gaza eskualdeko (Palestina) muga ireki du bart. Elikagaiez edota erregaiez gain, zementua ere sartzen utziko du. Egiptorekiko mugari dagokionez, milaka palestinar saiatzen ari dira Rafako pasabidea igarotzen, eta Egiptoko Poliziak ur kanoiez haiek gerarazi ditu. Maan berri agentzia palestinarraren arabera, 7.000 bat palestinar ahalegindu dira Egiptoko aldera pasatzen.
Urtebete izan du galarazita han zementua sartzea. Blokeoa 2006ko hasieran ezarri zion eskualdeari, Hamas Gazako eta Zisjordaniako bozetan nagusitu, eta gobernua osatu ondoren. AEBek eta Europako Batasunak zigor neurri hori babestu zuten. Iazko ekainean, gainera, blokeoa zorroztu egin zuen Tel Aviveko gobernuak.
Atzo muga itxita eduki zuen, erresistentziako talde batzuek Gazatik koheteak botatzen dituztelako Israelgo jomugen kontra. Azkeneko orduetan ez da erasorik izan, eta muga zabaltzea erabaki Ehud Barak Israelgo Gobernuko Defentsa ministroak.
Ekainaren 19an jarri zen indarrean Israelek eta Hamas Palestinako taldeak hitzartutako su-etena, baina harrezkero sei egunetan izan da itxita Gazako muga.
Su-etena soilik Tel Avivek eta Hamasek hitzartu zuten, Egiptoren bitartekaritzari esker, eta Gaza eskualdeari soilik dagokio. Gainerako talde palestinarrek menia hitzartu ez bazuten ere, printzipioz errespetatu egingo zutela esan zuten; alabaina, Israelgo armadak joan den astean Nabulusen (Zisjordania) Jihad Islamikoko buruzagi bat hil zuenean, talde horrek hainbat kohete jaurti zituen Gazatik Sderot hiri israeldarrera (1948 arte Najd herri palestinarraren lurrak ziren). Hori argudiotzat hartuta, Israelgo armadak airez bonbardatu zuen Gazako hegoaldea, eta gutxienez bi lagun hil zituen.
Aste honetan, ordea, egoera bare dago.
Israelek Gazako pasabideak ireki ditu, eta palestinarrak Egipton sartzen saiatzen ari dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu