Istripua, matxura elektrikoa izan eta gero, “saihestezina” zela esan dute Murueta itsasontzi enpresako arduradunek

2014ko otsailaren 6a
19:10
Entzun

Murueta itsasontzi enpresako Langileen eta Segurtasunaren zuzendariordea da Juanjo Lopez Inoriza. Berak hartu du hedabideen aurrean 'Luno' istripuari buruzko azalpenak emateko eginkizuna, eta BERRIAri hainbat azalpen eman dizkio. Asteazkenean zamaontziak, Baionako portuan sartzekotan zela, matxura elektriko bat izan zuela oroitarazi du, eta behin hori gertatuta, istripua “saihestezina” zela, oso harro baitzegoen itsasoa. Nolanahi ere, era horretako eguraldiarekin itsasoan ibiltzea ohikoa dela esan du. “Baionako portua  irekita zegoen”, adierazi du, “eta portuko pilotua ere itsasontzira igoa zen. Dudaren bat balego, ez zen igo ere egingo”. Portuko pilotuek gidari jarduten dute kaietan sartu behar duten itsasontziekin, kapitainei aholku ematen. Kasu honetan, ordea, aholku eta ahalegin guztiak —'Luno' atoiontzien bidez portura eramaten saiatu ziren—  antzuak izan ziren. 

Orain lehentasuna itsasontzi barruko erregaia ateratzea dela dio. “Zeramanaren %80 geratzen da barruan”. Horretarako Smit enpresarekin jarri dira harremanetan, esperientzia handikoa baita era horretako lanetan. “Kutsa dezakeen dena lehenbailehen bertatik kentzea izango da helburua”, azaldu du Lopez Inorizak. Eguraldiaren araberakoa izango da lan horien martxa. Baina bizkor egitea nahi dute: “Egun batzuetako kontua izatea nahi dugu, orduetakoa ahal bada”. Gero, enpresa horrek lan hori amaitzean ontziaren kroskoarekin zer egin erabaki beharko dute. “Baina arrisku gutxiagoko lana da”, nabarmendu du. Ez dute oraindik ere deus zehaztuta lan horien inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.