Aurtengo martxoan heldu zen Hazte Oir erakunde ultrakatolikoaren autobusa Euskal Herrira. Iruñean egin zuen lehen geldialdia. Ibilgailuaren kanpoko aldean irakur zitekeen hauxe: "Mutilek zakila dute; neskek alua". Ordea, hirira sartu aurretik lelo eta ikur transfobo guztiak kentzera derrigortu zituen Iruñeko Udalak, ohartaraziz baldintza hori bete ezean ezingo zuela hirian sartu. Askorentzat, ordea, hartutako neurria ez zen aski, eta "ez zarete ongi etorriak" oihukatuz hartu zuten hainbat lagunek ibilgailua. Orain, haietako zenbaitek isunak jaso dituztela salatu dute Ekainaren 28ko Plataformak eta LABek.
"Probokazioa eta ideologia transfoba hedatu nahi zuen gorrotoaren busa geldiaraztea ezinbestekoa zen eta kaletik busa ez ibiltzea administrazio publikoaren eginkizuna bazen ere, zenbait herritar eta militanteek egin behar izan genuen", salatu dute bi erakundeek. Hala, gaitzetsi dute Gobernu ordezkaritzak "babestu" egin zuela bus transfoboa, eta aldiz zigortu haren aurka agertu zirenak. Isun ekonomikoak jaso dituztenen artean daude LABeko hiru kide.
[youtube]https://youtu.be/nWsuR3cKknA[/youtube]