Arauak errespetatuz bilatu du haustura Itxaro Borda idazleak (Baiona, 1959). Pastoralaren legeak baliatuta kontatu nahi izan du pastoral batek sekula kontatu ez duena Gerezien denbora lanean. Modu klasikoan eman du, orain
arte pastoralean sekula eman ez dena: langile mundua «Errespetatu ditut formak oro: koplak, satanen kantuak, aingeruak... Egiazko pastoraletan diren bezala dira guztiak».
Hau ere egiazko pastorala izango den seinale, ez?
Bai, egiazkoa. Postindustriala, baina egiazkoa.
Hain zuzen ere, gaia du bereizgarri nagusia: langile mundua da pastoralaren ardatza.
Bai. Hirian egingo dugu, gainera. Baionako portuan. Zuberoako inguru bukolikoen ordez, han izanen dira garabiak, ontziak, lantegi abandonatuak eta halakoak. Langileriaren istorioa kontatu nahi izan dut pastoralarekin. Hasiera, handitasuna eta dekadentzia. Eta ohiturazko pastoralaren elementuak oro sartu ditut horretarako. Ezkontza bat, heriotza bat, borrokak... Kasu honetan, klase borrokak dira, egiazki, borroka horiek. Eta Aturri ibaiertza ukitzen duten gai asko sartu ditut: landa exodoa, sindikalismoa, des-sindikalizatzea, neoliberalismoa, industrializazioa, eta, azkenean, baita lan munduaren desegituratzea ere. Pastoraleko emakumezko heroi nagusiak irudikatzen du langileriaren azkena, marxistek ulertzen duten bezala. Orain beste zerbait da daukaguna.
2006an idatzi zenuen pastorala.
Bai, bi urte falta ziren oraindik 2008ko krisirako. Pastoralean irudikatuak larriagotu dira geroztik.
Benetako gertakariak ditu oinarrian lanak?
Liburuetan begiratzen ibili naiz horretarako. Nihaurk entzunak ere sartu ditut, eta Beñat Axiarik Aturri ertzeko burdinoletan bizitakoak ere bildu ditut. Eta horrekin egiten dugu halako istorio global eta globalizatu bat, taula gainean eskaintzeko prest daukaguna.