Espainiako Kongresuan hilaren 26an egingo dute Lisboako Itunari buruzko bozketa, eta IUk gaur jakinarazi du aurkako botoa emango duela. "Itunak ez die herritarren beharrei erantzuten, eta politika sozialak aurrera eramateko eragozpena da", esan du Gaspar Llamazares IUko parlamentariak.
Aldiz, PSOE, PP, CiU eta EAJ ituna berrestearen alde daude. ERC, ICV, BNG eta Nafarroa Baik ez dute oraindik zer egingo duten esan.
Europako Batasuneko hamazazpi estatu kidek berretsia dute ituna. Azkena, Greziako Legebiltzarrak, herenegun.
Belgika, Italia, Txekia, Suedia eta Zipre ere geratzen dira bozketa egiteko. Halaber, Londres epaileen ebazpenaren zain dago, eta Herbehereetan eta Polonian, legebiltzarrek berretsita, Senatuak eta presidenteak, hurrenez hurren, agiria noiz sinatuko zain daude.
Londresko legebiltzarrak joan den martxoaren 11n berretsi zuen Ituna, eta erreferenduma egiteari uko egin. Baina Alderdi Kontserbadoreak erreferenduma egin ahal izateko emendakina aurkeztu zuen. Iragan asteazkenean Lorden Ganberak galdeketari ezetza eman zion. Alta, horrek ez du esan nahi azken hitza eman zuenik.
Izan ere, beste bide batetik irekia dago oraindik auzia. Kontserbadoreen diru emaile Stuart Wheelerrek epaitegietara eraman zuen iragan maiatzean.
IUk itunaren kontra bozkatuko du Espainiako Kongresuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu