Eusko Jaurlaritzak bilera berezia egin du gaur Greziaren egoera aztertzeko. Haren ondoren mezu lasaigarri bat zabaldu nahi izan du, "hipotesi okerrenean ere, eragin mugatua" izango baitu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomian.
Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak gogorarazi duenez, merkataritza harreman eskasak daude Greziarekin. Zehazki, hiru lurraldeetako enpresek 60 milioi euroren esportazioak egin zituzten iaz Greziara (esportazio guztien %0,3) eta 10,8 milioi inportatu (%0,1).
Jaurlaritzak onartu du Grezia eurotik ateratzeak finantza merkatuak aztora ditzakeela eta "epe motzean ondorio kaltegarriak" izango lituzkeela. Ondorio horiek gainditzeko moduan ikusten du EAEko ekonomia, "Euskadik egitura aldetik ekonomia osasuntsua eta orekatua duelako", finantza erakunde "sendoekin" eta industria "oso lehiakorrarekin". "Beste hitz batzuetan, Euskadin oinarri sendoak ditugula zazpi urte luzeko krisiaren ondoren hasi berri dugun suspertze ekonomikoa sendotzeko".