Gaur sei urte dira Espainiako Auzitegi Nazionalak, Guardia Zibila erabiliz, Euskaldunon Egunkaria itxi zuela, eta Eusko Jaurlaritzak orduan gertatutakoa berriro salatu du gaur eta euskarazko kazetaren eta bere arduradunen aurka irekitako auzibidea itxi dadila eskatu du. "Izan ere, bertan behera uzte horrek, legearen aplikazio zuzena izateaz gain, inoiz gertatu behar ez zen bultzada politiko baten ondorioz zabaldutako auzia zuzentzea bailekarke". Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak auziaz adierazpena onartu eta plazaratu du.
Euskaldunon Egunkaria-ren auzia "herri demokratiko batean inoiz gertatu behar ez zen jokamoldearen adierazpen garbia da", Jaurlaritzaren arabera. "Itxiera prebentiboak bultzada politikoa izan zuen oinarrian, [Espainiako] Gobernuak Fiskaltzaren bitartez eragin dezakeen baino indar handiagokoa eta funtsik gabekoa, akusazio hutsetan oinarritutako epairik gabeko kondena", dio adierazpenak.
Haren iritziz, "justiziaz kanpoko aurreiritzietatik" jokatu zuten 2003an, eta ez bakarrik pertsonen aurka, "baita egunkari baten kontra ere, hasieratik erruduntzat joz. Hedabide oso bat erruduntzat jo zen, nahiz eta herri demokratikoetan prentsaren aurkako edozein auzibideri ekiteko froga sendoak eta epai eta erabaki finkoak ezinbestekoak izan. Begi bistakoa da, hemen, hedabide baten aurka ekiteko ez zela Espainiako Konstituzioak aurreikusten duen bidea erabili, aldiz, itxiera eta ekintza 'terrorismoari laguntza ematearen' lauso legalaren aitzakiarekin gauzatu ziren".
Jaurlaritzak ere auziaren artxiboa eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu