Espainiako Gobernuak "erkidego bakoitzari egokitutako murrizketa" plana azalduko du gaur Madrilgo bileran, eta Hego Euskal Herriko ordezkariak han izango dira. Murrizketak negoziaziatzeko lehen bilera da gaurkoa.Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak aurreratu du han azalduko duen jarrera. "Moncloako dekretuaren interpretazio propioa defendatuko" duela esan du. Alegia, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gobernuak bereak dituen eskumenak aldarrikatuko ditu dekretu-legeak uzten duen neurrian.
"Interpretazio malgua" egiteko aukera eskatuko du Mendiak. Herenegun Patxi Lopez Jaurlaritzaren lehendakariak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputatu nagusiekin eta Eudeleko presidentearekin egindako bileran hitzartu zuten, besteak beste, funtzionarioen soldatak %2 jaisteko eskatzea Madrilen, Espainiako Gobernuak ezartzen duen %5 beharrean. Alegia, oinarrizko soldatan eta antzinatasunean aplikatzea %5, baina ez osagarrietan.
Era berean, EAJk bihar argituko du zer boto emango dioten gastu publikoaren murrizketak finkatzen dituen lege-dekretuari. Espainiako Gobernuak espero du EAJ edo CIU abstenitu egingo direla, eta horrela posible izango zaiola lege dekretua aurrera ateratzea. "Erantzunkizunez" jokatuko dute jeltzaleek Josu Erkoreka EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak esan duenez. Joseba Egibar GBBko presidenteak esana dauka, baiezkoa ez dutela emango, baina ezezkoa eta abstentzioa aukera direla.
Murrizketen azalpena bihar, Legebiltzarrean
Bihar azalduko du Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Gobernuak erabaki dituen murrizketen aplikazioaren zirriborroa. Ez dago zehaztuta oraindik aplikazio erabatekoa, baina orain arteko egitasmoa azalduko du. Aralarrek, EBk, EAk eta UPyDk eskatu dute azalpenak emateko.
Astelehenean diputazioen ordezkariekin eta Eudelekin izandako bileraren berri emango du, eta baita gaur Madrilen Idoia Mendiak Espainiako Gobernuaren ordezkariekin duen bileraren berri ere.
Jaurlaritzak "Moncloako dekretuaren interpretazio propioa defendatuko" du Madrilen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu