Kutxabank eta Nafarroako Kutxa ezin direla alderatu azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak, eta Kutxabanken "zorroztasuna" defendatu du.
Ostiralean jakinarazi zuen Kutxabankek Mario Fernandez presidente zen garaiko 243.600 euroren irregulartasunak topatu zituela, eta fiskalak abiatu du jada ikerketa. Erkorekak harridura azaldu du auziaren aurrean, eta nabarmendu du bankua bera izan dela ustezko irregulartasunak auzitara eraman dituena, "ez beste entitate batzuk bezala". Erkorekaren esanetan, bereizi egin behar dira "erantzukizun politikoa eta finantza entitate baten eguneroko kudeaketa", argudiatuz Euskal Autonomia Erkidegoan bi esparruek ez dutela harremanik.
EH Bildu
Kutxabankeko ustezko irregulartasunen "ardura politikoak argitzeko", ikerketa batzorde bat osa dadila eskatuko du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. Koalizioak uste du EAJren "oniritzia" zutela bankuak Mikel Cabieces PSEko kideari lotutako abokatu bufeteari eginiko ordainketek. Fernandezen, Cabiecesen eta Kutxabankeko egungo presidente Gregorio Billalabeitiaren agerraldiak galdegingo ditu EH Bilduk, eta hurrengo kontrol saioan Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari eskatuko dizkio azalpenak.
PSE-EE
Cabieces eta Fernandezen arteko harremanaz galdetuta, Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak nabarmendu du Fernandez dela auzitan dagoena. Azaldu du ostegun arratsaldean izan zuela Kutxabankeko ustezko irregulartasunen berriz, eta ostiralean eskatu zizkiola kontuak Cabiecesi. Hark baieztatu zionean abokatu bufetearekin lotura duela, Mendiari iruditu zitzaion egoerak "talka" egin zezakeela alderdiaren kode etikoarekin. Hori horrela, biek "adostu" zuten Cabiecesek PSEko zuzendaritza uztea, Mendiak azaldu duenez.