Jaurlaritzak soldatak izoztuko ditu Madrilen erabakia "oinarrizko araudia" bada

2013ko irailaren 27a
16:42
Entzun

"Beste batzuetan gertatu den bezala", alegia, azken hiru urtean, Madrilek agindutakoa betearazi beharko du Gasteizek, Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez. Jaurlaritzak "sakonki" aztertuko du, hala ere, langile publikoei soldatak izoztea saihesteko aukera.

Jose Luis Bilbaoren ildo beretik jo du Iñigo Urkulluk. "Letra txikia irakurri" behar dela nabarmendu du Bizkaiko ahaldun nagusiak, eta lehendakariak, berriz, letra txiki hori erabili nahi du Espainiako Gobernuaren erabakia ez betetzeko. Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluan "zorrotz" aztertuko dute datorren astean gaia. Laugarren urtez izoztuko die soldata Madrilek.

Euskal langile publikoek erosteko gaitasun gehiago izatea nahi luke Urkulluk, nahikoa galdu dutelako 2010az geroztik. Bilbaok ere hala uste du: langile publikoek egina dutela euren ekarpena, eta Espainiako Gobernuaren neurriak zertan eta nola eragiten duen eta derrigor bete beharrekoa den aztertu behar dela.

Bilbaok nabarmendu du "asko" jaitsi zaiela erosteko ahalmena, eta elkartasuna adierazi die. "Gaizki dabiltzanekiko elkartasunez ahalegin handia egin dute. Eskatzen zaien hori egina dute", adierazi du.

Desobedientzia

Espainiako Gobernuak agindutakoa ez betetzeko eskatu diote Jaurlaritzari ELA eta LAB sindikatuek. Atzo desobeditzeko eskatu zien ELAk euskal erakundeei, jada %22 erosteko ahalmena galdu dutelako. Gaur LABek ere "gisa honetako mugak aintzat ez hartzea" galdegin die. "Zerbitzu publikoen sistema indartuko badugu eta zerbitzu publikoetako langileon baldintzak hobetuko baditugu, behar-beharrezkoa da euskal langileok geure agenda eta estrategia propioa jorratzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.