Javier Madrazok dimisioa aurkeztuko dio Ezker Batuko zuzendaritzari

2009ko martxoaren 4a
14:51
Entzun
Javier Madrazok dimisioa aurkeztuko dio Ezker Batuko zuzendaritzari, gaur eguerdian alderdiko iturriek jakitera eman dutenez. Joan den igandeko hauteskundeetan izandako emaitza txarrengatik (hiru eserlekutik bakarra izatera igaro ziren), alderdiko koordinatzaile nagusiak ez ezik, antolakuntza arduradun Serafin Llamasek ere kargua alderdiaren esku utziko dituztela iragarri dute. Madrazok ez du oraindik adierazpenik egin, eta Llamas arduratu da albistea emateaz.

"Aitzakiarik gabeko porrota izan da, etsigarria", Llamasek gaur adierazi duenez. "Ez genituen gure aurreikuspenak bete". Hori dela eta, porrotaren ardura bere gain hartuta, EBko zuzendaritzaren esku utziko dituzte beren karguak, "militantziarekiko errespetuagatik eta koherentziagatik".

Igandeko hauteskundeen bigarren biktima politikoa da Madrazo, EAko presidente Unai Ziarretak bere kargua alderdiaren esku lagako zuela iragarri ondotik.

Duela hamar hilabete EBko koordinatzaile nagusi karguan berretsi zuten Madrazo, alderdiaren kongresu polemikoan. Laugarren aldiz zebilen orain arte karguan Madrazo, eta igandeko bozak egin arte Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua izan da.

Atzo dimisio eskaerak Madrazori

Atzo Duñike Agirrezabalaga EBko sektore kritikoko kideak Euskadi Irratian adierazi zuen txarrak izan direla beren emaitzak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hiru legebiltzarkidetik batera jaitsi direlako, eta Madrazok kargua utzi beharko lukeela. "Guk uste dugu utzi egin beharko lukeela, logikoena hori litzateke".

Urte hauetan guztietan Eusko Jaurlaritzan EB "EAJren menpe" aritu izana kritikatu zuen Agirrezabalagak. EBko zinegotzia da hura Donostiako Udalean, eta han PSE-EEk, Aralarrek eta EBk osatzen dute gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.