Bart gaueko polizia operazioa salatzeko elkarretaratzea egin dute eguerdiko 12:00etatik 12:30etara bitartean Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkeko langileek. Horiez gain, jende asko hurbildu da ekitaldira: batetik, herritar asko, eta, bestetik, hainbat agintari, politikari, sindikalista, komunikabideetako arduradun eta bestelako gizarte eta kultura eragileak.
Besteak beste, Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusia, Martxelo Otamendi `Berria'-ko zuzendaria, German Kortabarria ELAko komunikazio arduraduna, Txutxi Ariznabarreta LABekoa, Joseba Permach ezker abertzaleko buruzagia, Iñaki Irazabalbeitia Aralar-ekoa eta Julian Beloki Euskadi Irratiko zuzendaria.
Halaber, han ziren Odile Kruzeta Euskadi Irratiko albistegietako arduraduna, Pello Zubiria Àrgia'-ko zuzendariaren ondokoa eta 'Egunkaria'-ren aurkako operazioan atxilotua, Maixux Rekalde Elkarri-ko burua, Leire Ereño Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, Joxe Leon Otaño AEK-ko arduraduna, Xabier Mendiguren Bereziartu Kontseiluko idazkari nagusia, Mertxe Aizpurua'Gara'-ko zuzendaria, eta Xabier Huizi Gipuzkoako Diputazioko Euskararen Normalkuntzarako arduraduna eta Andoaingo Udaleko EAko zinegotzia.
Atxilotuak askatu jartzen zuen pankartaren atzean egon dira bilduta, eta atxilotuen aldeko oihuak zein torturen aurkakoak egin dituzte.
Euskalgintzaren aurkako polizia operazioa
Jende asko bildu da Martin Ugalde Kultur Parkeko elkarretaratzean
Besteak beste, agintariek, politikariek, sindikalistek, kazetariek eta hainbat gizarte eta kultura eragilek parte hartu dute euskal kulturgintzaren aurkako operazioa salatzeko protesta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu