Jeremy Corbynek Alderdi Laboristaren konfiantza galdu du

Adrian Garcia.
2016ko ekainaren 28a
18:11
Entzun

Corbyn laboristen buruzagiaren aurkako uztarria estuago dago egunetik egunera. Haren zuzendaritzako taldean —itzalpeko gobernua deiturikoan— 30 kidek baino gehiagok dimisioa eman ostean, diputatu laboristek konfiantza kentzeko mozioa onartu dute —172k egin dute alde, eta soilik 40k kontran—. Corbynen aurkako kolpe gogorra izan arren, ez du eragin zuzenik izango buruzagiarengan, hura kargugabetzeko modu bakarra barne hauteskundeetara deitzea baita. Horretarako, 50 diputatuk hautagai baten alde egin behar dute. Corbynek ere izango luke boz horietan lehiatzeko aukera. Buruzagi laboristak berretsi du ez duela dimitituko, konfiantza mozioak "zilegitasun konstituzionalik" ez duelako.

Iragan irailean hautatu zuten Corbyn laboristen buruzagi, oinarriaren eta sindikatuen ia erabateko sostenguarekin. Alderdiko goi karguak kontran izan ditu ordutik, ez dutelako egoki ikusi buruzagiak proposaturiko ezkerrerako bira; aukera oro aprobetxatu dute Corbynen boterea ezbaian jartzeko. Oraingoan zailagoa izango du, ordea, krisia kudeatzea, gertuko kolaboratzaileak urrundu baitzaizkio.

Brexit-aren aurka agertu arren, kanpainan ez da asko nabarmendu, eta, EBtik irteteko hautuak irabaztean, epel jokatzea leporatu diote alderditik bertatik. Ezaguna baita Corbynen EBrekiko urruntasuna. 1975ko erreferendumean irtetearen alde egin zuen, eta oso kritiko agertu izan da Bruselaren austeritate politiken inguruan. The Guardian egunkarira filtratutako agirien arabera, Corbynen bulegotik kanpainako hitzaldiak moldatu dituzte, brexit-aren aurkako mezua leuntzeko.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.