Kanpaina garaian, joan den astean, egindakoa da elkarrizketa hau:
"BATASUN FAKTOREAK NAGUSITUKO DIRAERC-REKIKO ITUNEAN"
Igandeko hauteskundeen ondoren Generalitatean ezkerreko gobernu batek egon beharko lukeela esan du; PSCrekin soilik edo, ezin bada, haren programarekin antzekotasun handienak dituztenen laguntzarekin
Jose Mari Pastor -
Bartzelona
Berriemaile berezia
Bizarra segituan hazten zaion gizona dela ematen du Joaquim Nadalek, arratsalde partean beste pasada bat behar duten horietakoa. Hurbilagotik, baina, azalaren kolorearen ondorioa dela nabari zaio: aurpegia beltzaran-beltzarana du, Cerdanya eta Empordako mendi eta kostako haizeek ilunago bihurtua. Gironako alkate ohiak probintzietako hiri triste eta kontserbadorea modu ikusgarrian dotoretu duela diote aldekoek eta aurkari ez gutxik, baina azken horiek etxebizitzak izugarri garestitu direla diote; bekaizkeriak jota daudenek etxe ederra daukala eta eraikin horretan bertan estudio izugarria, zeinetik Gironako katedral eta eliza nagusi guztietako dorreak ikusten diren.
Alderdiko arlo katalanistena ordezkazten du, askoren iritziz. Horien arabera, Montilla PSOE bada, Nadal PSC dugu. Gironako Kennedy deitu izan diote. Nadal estatutu berriaren proposamenarekin bat dator eta ERCrekin pragmatismoz negoziatzeko prest dago. Poesia eta zaldiak atsegin ditu. Elkarrizketan eskuak elkarri loturik mintzo da hasieran; gero, aurrera joan ahala, solteago. Lasai hitz egiten du, baina diskurtso zorrotza izan dezake, batez ere aurkari politikoari mokoka hasteko. Inoiz ez du ezkutatu Aznar gustukoa ez duela: afaritara joateko baldintza bakarra du: Espainiako presidenteak goraipatutako Rivera de Duero ardoa ez zerbitzatzea.
ICVk, Joan Sauraren ahotik, ezkerraren boto baliagarria eskatu dio Maragallen politika ulertu ezinik dabilen jendeari. Hain zaila al da herritarrei politika ezkertiarra azaltzea?
Beharbada, zaila da Saurak ulertu nahi zuena, baina erraza da azaltzen; politika ezkertiarra erraza da azaltzen, baina askoz zailagoa egiten. ICVk benetakoaren, egiazkoaren etiketa jarri dio bere buruari, baina haren ingurumen politikaren oinarri batzuk aztertuz gero, kontraesanak aurki daitezke, gaizki ulertutako ekologismoa isla dezaketenak, gure iritziz.
Beste alderdi batzuen arabera, PSCk aldaketa eskatzen du, baina bere hautagaia belaunaldi zaharreko ordezkari politiko bakarra da.
Egia hauxe da: aldaketa hauteskunde hauen helburu garrantzitsu eta, agian, bakarrari dagokio: Generalitateko Gobernuari. Convergencia i Uniok etengabe agindu du 23 urtean, gehiengo sendoekin batzuetan. PSCk ezin izan du inoiz Katalunian agindu. Alderdi bateko zein besteko agintariak edozein izan arren, eta haien adina ere edozein izan arren, Mas jarraipena da eta Maragall, aldaketa. Masek ez du txandakatzea bermatzen, ez du gobernu batek beste bat demokratikoki ordezkatzea eragiten, jarraipena baizik. Maragall berria da, sozialistok inoiz ezin izan baitugu Katalunian gobernatu. Belaunaldi aldaketa kontuan, François Mitterrandek Frantziako presidentea izan zenean zenbat urte zituen pentsatzen hasten bagara, prezisio huts bat egiten ari garela ohartzen gara, eta badagoela belaunaldiak azkar irensteko grina, bizitzaren errealitatearekin bat ez datorrena. Beraz, argudio hori lekuz kanpo dago.
Egunotan ezkerraren paktua da mintzagai. Epe luzera begira, baina, PSC-ERC-ICV gobernua ez litzateke kaltegarria izango Zapaterorentzat?
Gure ustez, Kataluniako bozen biharamunean ezkerreko gobernua egon beharko litzateke, gehienen gobernua, zeinaren oinarri funtsezkoena Kataluniako Sozialisten Alderdia izango den. Gure botoekin nahikoa ez bada, gurekin antzekotasun gehien duten alderdiak ekarri beharko ditugu, eta horiek, dudarik gabe, Esquerra Republicana de Catalunya eta Iniciativa per Catalunya dira.
Nik hori galdetu dizut Aznarrek esan dezakeelako PSOE Katalunian 'separatista' eta 'komunistekin' agintzen ari dela.
Badakizu zer gertatzen den? Aznarrek bere tentsio estrategiari segituz gero, nazionalismoak polarizatzen segituz gero, nazionalismo espainiarretik erradikalizatzen segituz gero nazionalismo katalana edo euskal nazionalismoa kriminalizatzeko, bada, orduan jakin beharko du tentsio estrategia bultzatzea erabakitzen duenak egun batean haustura eragingo duela. Aznarrek horixe nahi badu, esan dezala, baina nahi ez badu, estrategia alda dezala.
Zer proposamen onartuko lukete Kataluniako sozialistek Esquerraren aldetik gobernuan izateko, eta zein ez?
Esquerrarekin ez dugu arazorik izango aldaketa sozialaren arloan, estatutuari buruzko negoziazioan baizik, hori zalantzarik gabe. Baina gobernu koalizioaren programa lehentasun sozialek egituratuko dute, eta adibide bakarra jarriko dut: gu, ERC eta ICV ados egongo gara 30.000 haurtzaindegi plaza behar direla eta CiUk eta PPk egindako ereduaren kontra egongo gara, enpresetako haurtzaindegia berpizten ari direlako. Horrek arrazoia kentzen die gizartean politikariak beti gauza bera direla esaten dutenei.
Baina Esquerrak autodeterminazio eskubidea defenditu nahi du eta hori estatutuan jarri, eta PSCk ez du hori onartuko.
Estatutuari buruzko negoziazioetan soilik bi puntu daude gu eta Esquerra Republicana bat ez gatozenak: Kataluniak Espainiarekin izango duen asoziazio librearen estatusa eta ezaugarriak, hau da subiranotasunaren kontzeptua adierazteko modu jakin bat, eta, bestetik, autodeterminazio borondateari eta horri guztiari buruzko herri kontsulta. Baina beste guztian ia guztiak bat gatoz. Beraz, guztion arteko batasun faktorea dena nagusitu egingo zaio ezadostasun faktoreari. Ildo horretan, nire ustez bi kontu horiek oraingoz aparkaturik geratuko dira, alde batera, beste guztiek aurrera egiteko.
Espainiako presidentea zenean Felipe Gonzalezek Kataluniako kanpainako mitin batean «ni ere xarnego-a naiz» famatua bota zuen. Aste honetan Katalunian izan da berriz eta antzera mintzatu da. Ez al da gehiegizkoa oraindik emigrazioaren fenomenoaren erabilera lerrouxista egitea?
Ez, ez dut uste. Benetako lerrouxista hauxe da: benetako katalanak soilik batzuk direla eta besteak ez direla esaten segitzea, behin eta berriro.
Eta hori nork dio?
Convergencia i Uniók, hau da, Pujolek, Masek edo Duran i Lleidak hauxe diotenean: ÒSoilik geu gara independentzia eta menpekotasunik gabeko egoeraren bermea eta soilik geuk berma dezakegu Kataluniak presidente katalan bat izateaÓ. Horrela, beste guztiei katalantasun hutsa ukatzen ari zaizkie, nire katalantasuna, Pasqual Maragallena eta nirekin eta Pasqual Maragallekin batera Alderdi Sozialistako kideak diren xarnego guztiena. Beraz, ez da lerrouxismo arazoa, hauteskunde autonomikoen eta Kataluniako gorputz sozialaren arteko erlazio ez oso ona da kontua. Ez daude bi Katalunia, Katalunia bakarra dago, eta boz autonomikoetan jatorri desberdineko jende guztiak parte hartzea lortu behar da, haiek hemen bozkatzen dutelako, haien osasun, hezkuntza, ekonomia, ingurumen, erretiro eta lurraldearen alde bozkatzen dutelako. Noski, eztabaida hori ez da izango hurrengo belaunaldian, baina zoritxarrez eztabaida bizirik mantendu dutenak katalan on eta katalan txarren arteko banaketa egiten dutenak dira.
CiU eta ERCren arteko ituna arriskutsua izan litekeela esan duzu. Zergatik?
CiU eta ERCren arteko itunaren arrisku nagusia hauxe da: CiUk Gobernuan segituko luke. Eta Esquerrak guk bezain ondo daki.
z Hamaikakoa
1. Salvador Espriu ala Joan Maragall? Espriu.
2. Aragoiko Koroa ala Herrialde Katalanak? (Pixka bat hausnartu ondoren) Aragoiko Koroa
3. Palamos ala Puigcerda? Palamos.
4. Ferran Adria ala Santi Santamaria? Ferran Adria.
5. Elizak: barrura sartzeko ala kanpotik haien kanpandorreak ikusteko? (Hainbat segundo pentsatu ondoren) Elizak barruan eta kanpoan ulertu behar dira. Hau da, ez elizei begiratu estetikoa botatzea, eraikiak izan ziren lekuan zer islatzen duten ulertzea baizik.
6. Greta Garbo ala Marlene Dietrich? Greta Garbo.
7. Jazza ala rocka? Jazza
8. Kafea guztiontzat: deskafeinatua ala ondo kargatua? Kargatua, eta ñabardura desberdinekin. Berdintasuna ez da diferentziaren etsaia.
9. Futbol partida ala zaldi lasterketa? Futbol partida.
10. Pisu garestiaren jabea ala alokairu merkean bizi osoan? Alokairu merkea, baina nire pisuaren jabea naiz. Bizi osorako alokairu merkeen aldekoa naiz, baina kontzientea naiz oraingo eredua guztiz kontrakoa dela, eta ni ereduaren parte bat naiz.
11. Emakume batentzako oparia: arrosa sorta bat ala poesia liburua? Poesia liburua.
Kataluniako Legebiltzarrerako bozak
Joaquim Nadal, PSCko Gironako zerrendaburuari elkarrizketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu