Arnold Schwarzenegger Austriako jatorriko gobernadore errepublikanoak John Garamendi euskal jatorriko demokratarekin partekatu beharko du estatuaren agintaritza datozen urteetan.
Bozen %97,5 kontatuta daude eta orain arteko datuen arabera Garamendik botoen %49,5a eskuratu du. Bere aurkariak, Tom McClintock hautagai errepublikanoak, berriz, %44,9.
John Garamendiren aitona euskalduna zen. Sam Garamendi lekeitiarraren iloba da Kaliforniako gobernadoreorde berria. Joan zen mendearen hasieran Ozeano Atlantikoa zeharkatu eta Utah estatuko Ogden hirian jarri zen bizitzen. Nevadara egingo zuen gero, familiarekin, eta gero Kaliforniara. Han jaio zen John, 1945. urtean.
Enpresa zientziak ikasi zituen Kaliforniako Unibertsitatean, eta masterra egin zuen Harvarden. Kaliforniako gobernadore izateko aurkeztu zen 1994an, baina bere alderdiko hauteskunde primarioak galdu zituen. Luze gabe, ordea, Washingtonera deitu zuen Bill Clinton presidenteak, barne idazkariorde izateko. Kaliforniako aseguru industria gainbegiratzen duen batzorde ofizialeko buru da 2003tik. Ekainean bozak irabazi zituen alderdi demokratan, Estatuko Lieutenant Governor (gobernadoreorde) postura aurkezteko.
John Garamendi aukeratu dute Kaliforniako gobernadoreorde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu