Joseba Madariaga: "Hazten jarraitzeko baino arrisku handiagoa dago 2014an atzera egiteko"

2013ko abenduaren 28a
16:37
Entzun

Joseba Madariaga Laboral Kutxako azterketa bulegoko zuzendaria da. Hego Euskal Herriko ekonomiaren hazkundea %0,8an kokatu du Laboral Kutxak 2014. urterako. Indar gutxikoa izango da oraindik, baina «enplegua sortzen hasteko nahikoa», Joseba Madariaga azterketa bulegoko zuzendariaren esanetan. Joan den urtean egindako aurreikuspen ekonomikoan, urte honen amaieran jarri zuten berreskurapenerako epea, baina aurreratu du 2013a atzeraldiarekin amaituko dela.

Urtetik urtera, ekonomiaren hazkundea atzeratzen ari zarete. 2014a izango al da berreskurapenaren urtea?

Hala uste dugu. Aurreikuspenak egiteko garaian faktore asko hartzen dira kontuan, baina gauza asko ezin dira aurreikusi. Beraz, badakigu orain egindako azterketa goitik behera alda litekeela, baina, era berean, esan dezakegu mundu mailako krisi honek behea jo duela. Edonola ere, faktore batzuek modu negatiboan eragin dezakete oraindik. Horregatik, orain, hazten jarraitzeko baino arrisku gehiago dago atzera egiteko. Hori horrela izateko, testuinguruak zeresan handia izango du.

Eta zeintzuk izan daitezke arrisku horiek?

Hiru dira. Batetik, AEBetako ekonomia hazten eta langabezia jaisten ari da. Horretarako, garrantzitsuak izan dira Erreserba Federalak emandako pizgarriak. Baina agintari ekonomikoek zalantzan jarri dute pizgarri horiek luzaroan mantentzea beharrezkoa ote den. Badakite hori gertatuz gero inflaziorako egoera handitu egin daitekeela. Baina maiatzean asmoa aipatzeak bakarrik sekulako lurrikara ekonomikoa sortu zuen gorabidean dauden ekonomietan. Ez da ahaztu behar AEBak munduko lehen potentzia ekonomikoa direla eta, ondorioz, han hartzen diren erabakiek mundu osoan eragin dezaketela.

Gorabidean dauden herrialde horiei zuzenean eragingo lieke erabaki horrek. Pilota lekuz aldatu dela esan daiteke?

Kontu kuriosoa da. Datorren urterako aurreikuspenak ez dira asko aldatu, baina bai nortzuk eusten dioten hazkundeari. Ontzi aldatze bat egon dela esan daiteke, gorabideko herrialdeetan zalantzak azaldu direlako. Eta hor dago bigarren arriskua. Haiek izan dira hazkundearen oinarri gu krisian geunden garaian. Baina arazo ekonomikoak dauzkate. Krisi hau ez dute aprobetxatu beren egoera hobetzeko: prezio altuen arazoa, kontu korronteen defizita eta defizit fiskala daukate, adibidez. Erreserba Federalaren erabakiak eragin ala ez, haien hazkundea geldotzen ari da. Beraz, desazelerazioa modu ordenatuan izan dadila besterik ez dugu espero, gordina balitz gainerako ekonomiei zuzenean eragingo bailieke.

Horretarako prest legoke Europa?

Ez zait hala iruditzen. Laburrera begira, krisiari ematen ari zaion erantzuna ez da ari ona izaten. Irtenbidea banku batasuna da, batasun fiskal eta politikoaz gain, baina azken bi horiek ameskeria hutsak dira oraingoz. Banku batasunerako oinarri batzuk jarri dira, baina, finantza sistemaren gehiengoa Europako Banku Zentralak zainduko duen arren, ez da nahikoa izango. Krisian dauden erakundeei Europa mailako irtenbidea eman behar zaie, eta ez luke herrialde bakoitzak ordaindu beharko. Baina hori ez da horrela geratuko hamar urte baino lehen. Arazoa, ordea, orain daukagu.

Hiru faktore horien baitan egongo da euskal ekonomia datorren urtean %0,8 haztea, eta horrek  langabezia tasa jaitsiko duela ere aurreikusi duzue. Kalera begiratuta, ordea, zaila da hori ulertzea.

Bai, hala da. Baina BPGak egiten duenaren ondoren dator lan merkatua. Orain ikuspegi orokor bat eginez gero, egoera oso gordina da: enpresen itxiera, Fagorren porrota... Hori ikusten duen edonork esan dezake egoera kaskarra dela. Baina BPGak datorren hiruhilekoan handitzen hasi behar du, eta hala bada, laneko barne merkatua hobetzen hasiko da laster. Baina zer gertatzen da? Aurreikusitako hazkundearekin zaila izango dela hobekuntza bat sumatzea, hazkundea oso apala delako.

Noiz sumatu ahal izango da langabeziaren jaitsiera hori?

Kezka guztiak kontrolpean badaude, 2015ean sumatuko da. BPGa %1etik gora haziko da, eta hor bai, lan merkatua hobetuz joango da. Beraz, egoera zein den jakinda, lan merkatua ez da horrenbeste okertuko hurrengo urtean.

Espainiako Gobernuak, ordea,  adierazi du murrizketa eta erreforma gehiago egingo dituela. Horrek nola eragin diezaioke?

Ez dakit, baina, sei urteko krisiaren ondoren, jendea triste dago. Ingurura begiratu, eta murrizketak, erreformak, eskubide galera eta arazo gehiago besterik ez du ikusten. Eta horrek umore txarra eragiten du. Beraz, krisitik beste modu batean irten behar dela iruditzen zait. Eta hori zer den? Bide berriak bilatzea. Epe laburrean, instituzioek enpresak babestu behar dituzte, kanpora atera daitezen. Alegia, kanpoko sektorea motor izan dadila bultzatu. Epe ertainera, ordea, berrikuntza sustatzen saiatu behar dugu: produktu berriak sortzen edo merkatu berriak bilatzen. Ilusioa sortuko duten proiektuak bilatu behar ditugu, dena ezin baita izan murrizketa. Bide hori irtenbide errazena da, diru sail bat murriztea besterik ez baita. Proiektu berriak bilatu behar ditugu, garena izaten gehiago lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.