Josune Ariztondok dio "Espainiako demokraziak arazo larria" daukala legez kanporatzeekin

2008ko urtarrilaren 17a
13:33
Entzun
Josune Ariztondo EAJko EBBko idazkari ohi -abenduan utzi zuen kargua- eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuaren ustez, "Espainiako demokraziak benetako azaro larria dauka alderdi politikoen legez kanporatzeekin. Izan ere, urtez urte, legez kanporatzeen ondorioz, pertsona askok eta askok ez dute ordezkaritza politikorik, eta horrek kezkagarria izan beharko luke edozein demokraziarentzat".

"Tamalez", Espainiako Justiziak EAE-ANV eta EHAK ere legez kanpo utziko dituela uste du Ariztondok, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan esan duenez, baina EAE-ANV kritikatu egin du, "[Espainiako] Estatuarekin hasi beharrean eztabaidan edo alderdiak berak bere barnera begiratu beharrean, besteei begiratzen die, beregatik besteek zer egingo duten galdetuz". EAJko idazkari ohiak dio "zaila" izango dela jeltzaleek EAE-ANVren estrategiarekin bat egitea.

Ondarroako (Bizkaia) udal kudeaketa batzordeko kide ere bada Ariztondo legealdi honetan, eta herrian azkenaldian "eztabaida zibilizatua" dagoela iritzi dio. "ANVrekin eta beste alderdiekin bilgune batzuen bidez harremana dugu. Horrela segitzen badugu, ondarrutarrak izango dira irabazle".

EAE-ANV izan zen alde handiz garaile joan den urteko maiatzeko udal hauteskundeetan Ondarroan, baina Espainiako Justiziak baliogabetua zuen. Beste alderdietako ordezkariek ez zuten udal kargurik hartu, eta kudeaketa batzordea eratu zuten Bizkaiko Foru Aldundian. EAE-ANV ez dago hor ordezkatuta, eta herrian liskar handiak sortu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.