Joan den abuztuaren 30ean bezala, Madrilgo Auzitegi Nazionaletik heldu beharreko erabakiaren zain egon dira, gaur, Donostia Ospitalean bildutako herritarrak. Orduko hartan bezala, euripean. Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak baldintzapeko askatasuna onartu arren, ez zuten aske utzi Josu Uribetxebarria. Gaur, ehundik gora lagun izan dira 17:00etatik aurrera, Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak esango zuenaren zain.
Eta 20:00ak aldera iritsi da berria Madriletik. Auzitegi Nazionalak berretsi egin du Castro epailearen ebazpena. Herrira mugimenduko Jon Garai bozeramaileak hitza hartu du, ebazpena berandu, "beranduegi" iritsi dela salatzeko: "Josuren askatasuna berandu dator, beranduegi. 2005. urtean aurkitu zioten lehen aldiz minbizia, baina orduan eginiko askatasun eskaera atzera bota zuten epaitegiek. Espetxean mantendu zuten, jakitun, honek bere egoera okertu baino ez zuela egingo. Azkenean horrela izan da", adierazi du Garaik.
"Gaur, bere metastasia sendaezina da. Salbuespeneko espetxe politikak heriotzaren atariraino eraman du Josu", gaineratu du Herrira-ko bozeramaileak. Nabarmendu du eztabaida ez dela gaixo diren presoak askatu behar diren edo ez: "Xedea gatazka luze honen ondorioz pertsona gehiago ez hiltzea da, sufrimendu oro gainditzea, bakearen bidean benetako urratsak egitea", esan du.
Era berean, Uribetxebarriaren kasuan denak galtzen irten direla azpimaratu du: "Josuk galdu du, bere familiak eta inguruak. Baina gobernua bera ere galtzaile atera da, euskal gizartearen gehiengoaren borondatearen aurka iraganeko politikak mantendu baititu, giza eskubideen erabat aurkakoak".
Preso arrasatearraren kasua "muturrera eramandako egoera izan da", gaineratu du. "Espetxe politika honek eragin dezakeen minaren adibide argia izan da. Gure aldetik, bizitzaren aldeko jarrera hartzeko gonbidapena hedatu nahi dugu gizartean, giza eskubideen aldekoa. Sufrimendu hau guztia amaitzeko lanean jarraituko dugu. Ziur gaude luze baino lehen lortuko dugula".