Juan Varela: "Kazetariok daukagu hedabideen krisiaren erantzukizun nagusia"

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2009ko maiatzaren 20a
10:34
Entzun
Kazetaritzari eta hedabideei buruz gogoeta egiteko asmoarekin, Periodistas 21 bloga sortu zuen, eta orduan ez omen zuen espero gaur egungo ondorioetara helduko zenik. Kazetaritza eta aholkulari lanagatik da ezaguna batez ere. Coruñako El Ideal Gallego egunkarian hasi zen, Galizian, eta Espainiako El País eta Cinco Días, Kataluniako El Periódico de Catalunya... lantoki izan ditu. ADN.es Interneteko informazio gunea sortu zuen, eta Vocento taldearen kazetaritza aholkularia izan da. Europako eta Latinoamerikako 50 bat hedabide berritu ditu.

Datorren ostiraleko jardunaldietan, 'Komunikabideak gizarte plataforma gisa' hitzaldia emango duzu. Zure planteamenduak hedabideen eskema klasikoa aldatzea eskatzen du, ezta?

Nire ustez, hori da hedabideek gaur egun duten erronka nagusietakoa, eskema horretatik irtetea. Bitartekari rol hertsia utzi eta kalitatezko parte-hartzea bilatu behar dute. Uste dut informazioari kalitatezko irizpide sozialak emango dizkioten gizarte sareak sortu behar dituztela.

Halakoak entzunda, edonor kazetari lanetan sartuz gero informazioaren kalitateak behera egin dezakeela esan ohi dute batzuek. Ados al zaude?

Kontua ez da parte-hartze masiboa, gaur egungo hedabide askotan gertatzen den bezala. Askoz garrantzitsuagoa da informazioan eta teknologian oinarritutako plataformak eraikitzea, erabiltzaileei kalitatezko informazioa eta partehartzea lortzeko sareak osatzeko aukera emanez.

Garbi dago informazioa jasotzeko moduak ere aldatzen ari direla, jendeak gero eta denbora gutxiago eman nahi omen du informatzen.

Ez dut uste hori erabat egia denik. Gaur egun informazio orokor asko dago, jendeak iturri askoz gehiago dauzka, eta lehen baino askoz azkarrago aurki dezake. Garai batean egunkari desberdinak ikusten zituen harekin alderatuko nuke oraingo informazio orokorraren hartzailea. Bada kalitatezko informazioaren arlo bat, ordea, eta, lehen bezala, horretan denbora asko inbertitzen du jendeak orain. Arlo horretan, informazioa jasotzeaz gain, informazio horren inguruan eztabaidatu egiten du hartzaileak. Hedabideek horri erantzuteko egitura berriak sortu behar dituztela uste dut, eta teknologia berriek eskaintzen dituzten ahalbide guztiak baliatzeko aukera eman.

Prentsa idatziaren akats handienetako bat ez ote da gertatzen iritziak trukatzeko aukera horretan?

Bai. Prentsa idatziak kalitatezko informazioaren alde lan egiten segitzea beste aukerarik ez dauka, hori garbi dago. Eta garbi dago lan hori ez dela askotan horrela planteatzen. Hortik abiatuta, ordea, espezializazio eta osagarri berriak sor ditzake, hartzailearekin harremana estutzeko. Kazetari gisa, sare sozial ludikoak ez zaizkit asko interesatzen, ez dut uste askorako balio dutenik. Beste kontu bat da informazio trukaketa ezagutza iturri bihurtzea, elkarrizketa eta partehartzearen bitartez. Azken hori da interesgarriena. Ez dugu ahaztu behar bi mende daramatzagula prentsa idatziak eta norabide bakarreko informazioak baldintzatutako informazio paradigma baten menpe.

Halako kontuak al zenituen buruan 'Periodistas 21' bloga sortzean?

Aspaldi sortu nuen eta orain aipatu dizkizudan gauza asko ez nituen pentsatu ere egiten, baina egia da kazetaritza arloan gogoetarako plaza bat egotea beharrezko ikusten nuela, aldaketak ziztu bizian gertatzen ari zirelako.

Oraindik paperean irakurtzen al duzu?

Bai, baina gero eta gehiago aspertzen naute egunkariek. Liburuek ez, jakina. Pantailan azkarrago irakurtzen dut paperean baino, eta uste dut gero eta jende gehiagori gertatzen zaiola hori. Pantailan, gainera, interesatzen zaidan gaiari buruzko informazioa lehenago aurkitzen dut, tresna egokiagoa delako. Zenbait lanetarako, paperak oraindik abantaila nabarmenak dauzka pantailaren aldean, baina kazetaritzan...

Azkenaldian, egunkarien krisialdiaz asko hitz egiten da. Krisi horretan, zure ustez, zein neurritaraino dute erantzukizuna egunkariek beraiek?

Krisia ez da prentsa idatziarena bakarrik, eta horren erantzukizuna, zehazki, kazetariok daukagu. Eta editoreek eta komunikazio enpresetako gerenteek... Gauzak bere garaian lasaitasunez ez pentsatzeagatik. Argi dago guztia oso bizkor ari dela gertatzen eta aldatzen, baina teknologia berriek eragin zezaketen aldaketa ez zen pentsatu duela 10-15 urte. Orain ere, hedabideetako arduradun askok eta askok kazetaritzan etor daitezkeen aldaketen ondorioetan pentsatu gabe segitzen dute. Kazetari askok oso gutxi daki kazetaritza negozioari buruz, eta teknologia berriei buruz ezer ez. Uste dut benetako autokritika hasi behar dugula.

Zeu hasita zaudela dirudi...

Bai. Informazioa oso gai konplexua eta aldakorra da, arlo horretako profesionalak gara, gure inguruan gertatzen ari den iraultza digitala behar bezala ulertu ezinda gabiltza, eta negozioa oso gutxi ezagutzen dugula erakusten ari gara, kalitatezko informazioa duintasunez ematen segitu ahal izatea helburu dugunean. Kontua ez da jada dohainekoa, merkeagoa, webguneko sarrera kobratu edo ez. Askoz gogoeta sakonagoa egin behar da kazetaritzaren etorkizunari buruz, iritzi publikoari kalitatezko informazioa emateko batetik eta eskaintza hori egin ahal izateko enpresa egiturei eusteko bestetik. Duela 10-15 urte XIX. mendeko kazetari bat esnatu balitz, kazetaritza ia batere ez zela aldatu ikusiko zuen. Azken 10-15 urteotan dena aldatu da: paradigma, edukiak, hartzaileak...

Laugarren Boterea ere deitzen zaie hedabideei.

Bai, eta batzuetan merezita eta beste batzuetan ez, baina hori bera sintomatikoa da. Hedabideen aurka dagoen iritzi orokorra azken urteetako kazetaritza egiteko moduari zor zaio. Harrokeria handiz jokatu izan da, aldatzeko gaitasunik gabe, eta ideia onenak zapuztu dira horrekin.

Informazioaren gizartean jendea desinformatuago ote dago?

Ez dut uste. Arrisku asko daude, hori bai, eta jendeak ez ditu sumatzen. Arrisku handienetako bat betekadarena da egun. Azkenean, jendea galdu egiten da hainbeste mezuren artean. Betekada hori gainditzen lagunduko duen informazio interesgarria eta osatua eskaintzea da kalitatezko kazetaritza egin nahi dutenen erronka.

Etorkizuneko kazetaritzan, Gaza bonbardatu batean adibidez, palestinarrek zein aukera izango dituzte beren mezua mundura zabaltzeko?

Munduko toki askotan, dagoeneko, teknologia berriak blokeo eta diktadura guztiak apurtzen hasiak dira. Kontuz ibili behar dugu, ordea, eta borrokan segitu, Interneten eta gainerako tresnetan gero eta kontrol gehiago ezarriko dituztelako gobernuek eta telekomunikazio enpresek. Dagoeneko ikusten ari gara sarea kontrolatzeko erreakzio legegile erraldoia. Arauak, mugak eta hesiak jarri nahian dabiltza. Sare libreen beharrean gaude, gaur egun erabiltzen ditugun gehienak ez direlako libreak, gure datuak dauzkaten enpresenak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.