Jude Collins (idazle eta kazetaria): "Orain, zentsura sotilagoa da, baina akats demokratiko larria, oraindik ere"

2013ko urriaren 11
18:10
Entzun

Erresuma Batuko Gobernua "irrigarri" geratu zen debekuarekin, Jude Collins idazle eta kazetariaren iritziz. Aditu irlandarraren esanetan, ordea, gaur egun oraindik indarrean da zentsura.

Zein testuingurutan ezarri zuen Londresek zentsura neurria?

11 erakunde paramilitarri eragin zien debekuak. Haien bozeramaileen hitzak zabaltzea debekatua zuten komunikabideek, irrati eta telebistek. Zentsuratutakoen artean zeuden Irlandako Nazio Askapenerako Armada, Ulsterren Defentsarako Elkartea eta Ulstergo Boluntarioen Indarra. Hala ere, legea indarrean sartzeko arrazoi nagusia Sinn Fein komunikabideetatik kanpo uztea izan zen. Garai hartan, Margaret Thatcher zen Erresuma Batuko lehen ministroa, eta hala zioen hark: "Debekuak ukatu egingo die terrorista eta bahitzaileei horren beharrezko duten publizitateak ematen dien oxigenoa". Bestetik, oso antzeko zentsura neurria, 31. Atala izenekoa, indarrean zegoen 1970eko hamarkadatik Irlanda hegoaldean.

Kazetariak, berriz, ez ziren bat egiteko gai izan, ezta?

Ikuspegi unionista zuten zenbaitek bat egin uzten Thatcherren irizpidearekin. Beste batzuek, ordea, adierazpen askatasunaren aurkako neurritzat jo zuten. Baina lege hura onartu baino lehenago ere, Sinn Feineko bozeramaileek ez zuten tarte asko izaten komunikabideetan. Debekuaren ondotik, haiei eskainitako tartea txikia zen oraindik, nahiz eta kazetariek zentsura gainditzea lortzen zuten aktoreak erabiliz Sinn Feineko eta beste erakundeetako ordezkariak bikoizteko. Kazetariek, oro har, ez zuten begi onez ikusi debekua, baina gehienek onartu egin zuten. Zenbaiti ez zitzaion beste aukerarik geratu Thatcherren hitzak entzun ondoren: "Halako gaietan, edo Justiziaren aldean zaude edo terrorismoarenean".

Errepublikanoen kontrakoa zen?

Bai, ziurrenik. Talde paramilitar loialistak debekuan sartu zituzten, baina soilik gobernua zuzen jokatzen ari zen itxurak egiteko. Errealitatea bestelakoa zen. Sinn Feinen harremanetaz arduratzen zen Danny Morrison eta haren lankideak aurkari loialistak baino askoz ere eraginkorragoak ziren —Sinn Fein hazten ari zen indar politiko bat zen, eta debekuak kontrako eragina izan zuen—. Nabarmentzekoa da, baita ere, zentsura amaitu zen urte berean, 1994an, IRAk su-etena aldarrikatu zuela.

Legezkoa zen debekua?

Haren legezkotasuna eztabaidagarria da. Haren alde zeudenek terrorismoaren aurkako borrokaren barruan kokatzen zuten. Aurkariek, aldiz, argudiatzen zuten bidegabea zela eta, Sinn Feinen bozeramaileei euren ikuspegia adieraztea ukatuz, haiek baztertzen zituela. Nire ustez, azkenean, gehienak, baita kazetariak ere, bigarren taldean kokatu ziren.

Legeak erakunde horietako ordezkarien ahotsak emititzea debekatzen zuen, baina ez mezua bera ematea. Neurria ez al da zentzugabea?

Nire ustez, Erresuma Batuko Gobernuak ez zuen gaia askorik aztertu. Onartu zuten legeak Sinn Feineko eta beste hainbat taldetako ordezkarien ahotsak zuzenean telebista eta irratien bidez zabaltzea debekatzen zuen, baina ez ziren ohartu legezkoa litzatekeela aktore batek haien ahotsak bikoiztea. Hain zuzen, Sinn Feineko ordezkarien ahotsak debekatzeak eta haiek bikoizteak jendearen arreta erakarri zuela, gutxitu beharrean. Horren irrigarria zen gobernuak errepublikanoei "publizitatearen oxigenoa" kentzeko egindako ahalegina, gobernua bera ergeltzat hartu zuten askok. Hari buruzko satira ugari egin zituzten telebistako programa ezagunetan, besteak beste, Spitting Image -n eta The Day Today -en.

[YouTube]http://youtu.be/w6UhXivPyw4[/YouTube]

Zergatik kendu zuten debekua 1994an? Aldaketarik egon al zen?

Ikus dezagun, Erresuma Batuko Gobernua ziurrenik ohartu zen barregarri geratu zirela debekuaren eraginez; eta BBCko arduradunak ere aurka agertu ziren. Irlanda hegoaldean, 31. Atalaren zentzugabekeria agerian geratu zen entzule batek perretxikuei buruzko eztabaida egiten ari ziren irrati programa batera deitu zuenean. Entzuleak esan zuen gustatuko litzaiokeela bere ikuspegia ematea perretxiku hazkundeari buruz baina, Sinn Feineko kidea zenez, ez zekiela baimenduko zioten. Irrati kateak deia moztu zuen. Gizon hark nabarmen utzi zuen legearen zentzugabekeria.

 

 

Esan daiteke zentsura 1994an amaitu zela?

Zaila da esatea. Oztopo handienak kendu egin zituzten, baina interesgarria da nabarmentzea Sinn Feineko ordezkariek, debekua baino lehen, askoz ere arreta gutxiago jasotzen zutela komunikabideetatik. Bide beretik esan daiteke, debekua kendu ostean, Sinn Feineko eledunei egiten zitzaizkien elkarrizketak beste alderdietakoenak baino askoz ere erasokorragoak zirela. Egoera are gehiago zaildu zen Alderdi Demokratiko Unionistako kideek uko egin ziotenean telebista eztabaidetara joateari, horietan Sinn Feineko ordezkariren bat baldin bazegoen. Horrek ia ezinezko egin zuen telebista ekoizleentzat bi aldeen, hau da, unionista eta errepublikanoen ikuspegia jasotzea eztabaida berean.

Nire ustea da, gaur egun, errepublikanoen aurkako jarrera sendoa dagoela Irlanda iparraldeko nahiz hegoaldeko komunikabideetan, baita prentsa britainiarrean ere, nahiz eta azkenaldian Irlanda iparraldean gertatzen denari entzungor egitera mugatzen diren. Egia da, baita ere, zaila dela errepublikanoekiko gertuko diren zutabegileak aurkitzea komunikabide nagusietan. Orain, zentsura sotilagoa da, baina akats demokratiko larria, oraindik ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.