Allande Sokarros
Monje budistek hasitako eta astebetean gero eta herritar gehiagok jarraitutako kale protestaldiak eragozteko xedean, Myanmarren agintean den Junta Militarrak etxeratze agindua indarrean jarri zuen atzo. Aurretik, ehunka soldadu zabaldu zituzten hiriburuan, 100.000tik gora manifestarik, tartean 30.000 monje budistak, kale protesta baketsua amaitu eta berehala.
Iluntzeko 21:00ak eta goizeko 05:00ak bitartean etxetik ateratzea, eta bost lagun baino gehiagoko elkarretaratzeak debekatu egin ditu Myanmarko aginte militarrak. Neurri horiek guztiak bi hilabetez egongo dira agintean.
Horiek hala, duela astebete hasitako protestaldiei amaiera eman nahi die hainbat urtean boterean den aginte militarrak. Zortzigarren egunez jarraian, atzo, monje budistak eta hauekin batera egunetik egunera gero eta kopuru handiagoan kalean protesta egitera ausartzen diren dozenaka mila herritar atera ziren Rangungo kaleetara. Milaka lagun bildu zituzten antzeko manifestazioak egin zituzten Myanmarko beste hainbat hiritan ere, hala nola Mandalayn, Pakokkun eta Sittwen.
Soldaduak kaleak hartzen hasi eta etxeratzeko deia, zein elkarretaratzeko debekua indarrean jarri aurretik, aginte militarrak berriro ere mehatxuzko ohartarazteak egin zituen protesta egileen alderat, eta bereziki manifestazioen bultzatzaileak izan diren monje budistei. «Budismoaren bizi-arau eta obeditze legeei muzin egiten jarraitzen badiete monjeek, halabeharrezko neurriak hartuko ditugu, indarrean diren legeen arabera», aditzerat eman zuen Myanmarko Erlijio gaietarako ministro Thura Myint Maungekok. Aurretik, berriz, bozgorailudun auto batzuen bitartez, agintariek eskatu zieten herritarrei kale protestetan ez parte hartzeko.
LAGUNTZA ESKEA. Amnesty International giza eskubideen aldeko erakundeak eskatu dio NBEri ordezkaritza bidaltzeko Myanmarrera. Erakundeko idazkari nagusi Irene Khanek ohartarazi du arrisku handia dagoela militarrek manifestarien aurkako neurriak hartzeko, eta nazioarteak ekidin egin behar duela halakorik.
Junta Militarrak etxeratze agindua ezarri du Myanmarren, protestak eragozteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu