Kako baserriaren alde aritutako sei laborari atxilotu ditu Jendarmeriak

2008ko urtarrilaren 31
09:51
Entzun
Aitor Renteria

Sei laborari atxilotu zituen atzo goizean Frantziako Poliziak Zuberoa eta Nafarroa Beherean, Ainharbeko (Zuberoa) Kako baserriaren segida bermatzeko elkarretaratzeetan parte hartu dutelakoan. Frantziako Polizia goizeko seietan sartu zen etxaldeetara, laborariak ardiak jezten ari zirelarik. Lehen unean Paueko (Frantzia) jendarmeriara eramanen zituztela erran bazuten ere, azkenean Baionako Marracq auzotegiko jendarmeriara eraman zituzten atxilotuak. Paueko eta Mauleko jendarmeriek dute polizia inkestaren ardura.

Atxilotuen egoerari buruzko deliberoa hartu behar zuen atzo iluntzean Patrice Michel Baionako prokuradoreak. ELBko kideek urtarrilaren 17an Donapaleun egindako elkarretaratzeetan «Poliziaren kontra bortizkeria baliatzea eta irain arrazistak egitea» leporatu zien Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak joan den astean Pauera egindako bidaian.

Sei atxilotuen egoera 24 orenez bere horretan atxikitzea deliberatu zuen prokuradoreak. Bi poliziaren kontra bortizkeria baliatzea eta haien soineko eta tresnak ebastea leporatzen die atxilotuei. Salaketan ez du atxiki polizien kontrako irain arrazistak egin zituztenik. Hala ere, prokuradorea ez zen gai izan zeini zer leporatzen zion zehazteko.

Azaldu zuen, ordea, egindako ekintzarengatik isunak ezar ditzakeela edo bost urteko espetxe zigorra eskatu, bortizkeria ekintzen egileak direla frogatzen baldin bada. Dena dela, salaketa zehatza egiteko goizegi dela adierazi zuen, horregatik erabaki zuela atxiloketa epea luzatzea.

Sarkozyk Pauen iragarritako atxiloketen beldur zen ELB. Astelehenean ELBko ehun kide inguruk prentsaurrekoa eman zuten Kakoren aldeko elkarretaratzeetan parte hartu zutela adierazteko. Manipulazioari ez zioen banderola erakutsi zuten orduan. Atxiloketen berri izan orduko, 300 pertsona elkarretaratu ziren atzo Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea). Berriz ere banderola bera erakutsi zuten.

LEHENTASUNA, SOSTENGUA. «Elkartasuna antolatzea da lehentasuna», adierazi zuen Mixel Ozafrainek, ELBren izenean. Bi ildotan antolatu zuten elkartasuna Ainhize-Monjolosetik. Batetik, atxilotutako laborarien etxaldeetan lana segurtatzea eta, bigarrenik, karrikan polizia operazioa gaitzestea. Atxilotuen etxaldeetako eginkizunak betetzeko taldeak osatu eta autobusak atzeman zituzten Paue edo Baionan protesta egiteko.

Baionan zeudela jakin orduko hara abiatu zuen protesta ELB laborarien sindikatuak. Arrabost ugari egin zuten jendarmeriaren itzulian, bozgorailuak baliatuz. Jendarmeriako sarrerako hesian Kako Fredentzat, Manipulazioarik ez eta Segidarekin ez josta zioten banderolak zintzilikatu zituzten.

Atxilotuak libre utzi arte protesta atxikiko dutela jakinarazi zuen Ozafrainek. Horren seinale, eguerdian ogitartekoak egin zituzten jendarmeriako sarreran. Sarrerak trabatu arren, Polizia ez zitzaien manifestariei jazarri. Prokuradorearen hitzek ez dute laborarien haserrea makurrarazi.

«Goizeko bederatzietan jendarmeriaren aitzinean elkarretaratuko gara berriz, eta gero ikusiko dugu hor segitu behar dugun edo auzitegira eraman behar dugun protesta», azaldu zuen Ozafrainek. Sei atxilotuak libre utziko dituztela espero du. «Goizean deliberatu behar du prokuradoreak ea sei atxilotuak libre uzten dituen, ez dugu pentsatu nahi ere bertze erabaki bat egon daitekeenik».

ELBko kideen aurkako presioa bertan behera uzteko eskatu zuen. Polizia operazioaren gibelean, ELB eta Lurra egitura trabatzeko borondatea ikusten du sindikatuak. Etxalde baten segida hartu nahi eta baliabiderik ez duten gazteei laguntza emateko sortu zen Lurra egitura. Larrañaga Kakotik kanporatzeko agindua legez kontrakoa dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.