Sutea Barañainen/Erreakzioak

"Kale borrokako ekintza bat" eta ETAren su-etena bateraezinak izango liratekeela dio Rubalcabak

2006ko apirilaren 22a
17:04
Entzun
Barañainen (Nafarroa) Jose Antonio Mendive UPNko zinegotziaren burdindegian izan den sutea nahita eragindakoa izan dela ziurtatu du Vicente Ripa Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak. Gertatutakoaren inguruan euren iritzia eman dute hainbat alderdik.

PSOE

Alfredo Perez Rubalca Espainiako Barne ministroak gaur adierazi duenez, Barañaingo UPNko zinegotziaren burdindegian izan den sutea "kale borrokako ekintza" izan da. Rubalcabaren iritziz kale borrokako ekintza bat bateraezina izango litzateke ETAren su-eten iragarpenarekin. Era berean, Espainiako Gobernuak bake lortzeko duen "borondate sendoa" berretsi du.

Bien bitartean, Rodolfo Ares PSE-EEko zuzendaritzako eledunak UPNko zinegotziaren burdindegiko sutea kale borrokako ekintza izan dela baieztatzen bada, "argitasun osoz" desmarkatzeko eskatu dio Batasunari.

PP

Mariano Raxoi PPko buruzagiak Espainiako Gobernuari eskatu dio gaur goizaldean Barañainen izan den sutearen arrazoiak "argitu" ditzala. "Ez dakit kale borroka izan den ala ez baina Gobernuari argitzeko eskatzen diot", azpimarratu du. Raxoik "zuhurtzia" eskatu dio Espainiako Gobernuari eta "kontu handiz ibiltzeko" esan dio.

Carmelo Barrio EAEko PPko idazkari nagusiak, bestalde, gaurko "atentatu terrorista" salatu du. "Beste behin terroristek Nafarroa dute beraien helburuen artean". Barriok "terroristekin ez negoziatzeko" eskatu dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteari.

IU/EB

IUko koordinatzaile nagusi Gaspar Llamazaresek "zuhurtasunerako" deia egin du sutea nork eragin duen guztiz baieztatu arte. Hala ere, ETAri gogorarazi dio su-etenak "frente guztietan" izan behar duela eraginkorra. "Une hauetan zuhurtasunez jokatu behar da", azpimarratu du.

Bestalde, EBko legebiltzarkide Oscar Matuteren ustez, Barañainen izan den sutea "indarkeria behin betiko amaitzeko bidean eta konponbiderako elkarrizkera abiatzeko oztopa bat da". Hala ere, Matuteren ustez ezin dira "ilusioa eta itxaropena" galdu.

Aralar

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak ere gaitzetsi du Barañaingo UPNko zinegotziaren burdindegian izan den sutea. Hala ere, azpimarratu du oraindik ez dela ziurtatu nor den gertatutakoaren erantzule. Horregatik, jazotakoa sakonago aztertu arte ez du "kale borrokako ekintza" izan denik esan nahi izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.