Fiskaltzaren jarrera gogor kritikatu du Herrira mugimenduak arratsaldean kaleratutako prentsa ohar baten bidez. Josu Uribetxebarria presoaren egoera beste bi astez luzatu nahi izateari "giza eskubideen urraketa nabarmena" deritzo Herrira-k. Josu Uribetxebarriaren egoera oso larria dela eta edozein momentutan "kritikoa eta fatala" izan daitekeela ohartarazi du. "Minbizia du, fase terminalean eta gaixotasunak ez du atzera bueltarik: Beraz, osasun arazo txikienak ere arrisku hnadian jartzen du bere integritatea", nabarmendu du Herrira-k. "Argi diogu, Josu Uribetxebarriaren kaleratzea atzeratzen duen erabaki honek Josu hil nahi du".
Herriraren ustez, Josu Uribetxebarriak aske geratu behar du, "berehala eta inolako aitzakiarik gabe". "Orain arte entzun ditugu eta entzuten ari garen aitzki guztiak onartezinak dira, Josuren sufrimendua luzatu eta bere egoera muturreraino eraman nahi dute, Josu heriotzaren atarian utziz", gaineratu du Herrira-k.