Kapela bat ametsez betea

2014ko urtarrilaren 23a
16:51
Entzun

Lola Barrera da Debajo del Sombrero egitasmoaren zuzendaria. Arte sorkuntza, hedapen eta ikerketarako gunea da Debajo del Sombrero. Baina badu ezaugarri bat, beste hainbat eta hainbat arte eskola eta lantegiren ondoan desberdin egiten duena: egitasmoan parte hartzen duten artistek buruko gaixotasun edo arazoak dituzte. Horrek egiten du berezi.

Abentura film batekin hasi zen. 2006an, ¿Que tienes debajo del sombrero? (Zer duzu kapelaren azpian?) izeneko film dokumentala zuzendu zuten Lola Barrerak eta Iñaki Peñafielek. Judith Scott artistaren istorioa kontatzen da film horretan, eta, egin ahal izateko, AEBetako CGAC Creative Growth Art Center gunera joan behar izan zuten, han egiten baitzuen lan Scottek. Etxera itzuli eta gero, AEBetan ikusitakoa eredu izan zitekeela otu zitzaion Barrerari. Arlo horretan eskarmentu handia zuten zenbait lagunekin bat egin eta lanari ekin zioten.

Arte sorkuntzarako eta adierazpenerako baliabideak eskaintzea zen elkartearen helburua, eta, horretarako, leku bat behar zuten. Alferrik ibili ziren egoitza baten bila, harik eta Madrileko udal hiltegi zaharra Matadero izeneko arte eta kultura gune bilakatzeko proiektua abian jarri zuten arte. Han aurkitu zuten aterpea, eta han antolatu zuten lehenengo tailerra, Matadero sin miedo (Hiltegia beldur barik) izenekoa, 2007ko urrian.

"Adierazpen librea"

"Mataderokoa adierazpen librerako lantegia da", azaldu du Barrerak, "parte hartu nahi duten guztiei irekia, asmo artistikoa izan ala ez". Baina laster ikusi zuten lantegi hura txiki gelditzen zitzaiela, eta "eskarmentu handiagoa, edo artean murgiltzeko gogo handiagoak" zituztenentzat beste gune bat zabaltzeko beharra ikusi zuten. Madrileko La Casa Encendida izeneko kulturgunean aurkitu zuten horretarako lekua. Bi guneak, Mataderokoa eta La Casa Encendidakoa, mantendu dituzte orain arte.

Bidean aurrera egin ahala, behar berriak agertu dira, eta artearen munduan ibilbide bat egiten hasi diren artistek prestakuntza behar zutela ikusi zuten Debajo del Sombreroko arduradunek. "Horregatik, 2009an hasi ginen Madrileko Arte Ederretako Fakultatearekin elkarlanean, oso apurka; hitzezko akordioa baino ez dugu haiekin, baina, geroztik, hango ikastaroetan parte har dezaketen artisten hautagaitzak aurkezten ditugu urtero. Oso esperientzia interesgarria izaten ari da, oso askea, inork ez baitigu esaten ikasleak zenbat denboraz egon daitezkeen han, eta badaude Eskultura sailean bost urte eman dituzten artistak".

Lau lagunek osatzen dute Debajo del Sombreroren antolakuntza taldea. Horretaz gain, boluntario aritzen diren kolaboratzaile sare bat daukate. Haietako batzuk hezitzaileak edo gizarte lanean aritutako pertsonak dira, baina beste asko Arte Ederretako ikasleak dira edo arte girotik datoz. Une honetan, 32 lagunek parte hartzen dute Mataderoko lantegian, eta hamabost bat kolaboratzaile dituzte.

Kolaboratzaileen eginkizuna "laguntza ematea" da "beharrezkoa denean; beharrezkoa ez bada, ez. Oso garrantzitsua da aurrea ez hartzea, prozesuak behar baino azkarrago ez eramatea. Guk ez dugu ezer proposatzen, edo, proposamen bat egiten dugunean, beti izaten da parte hartzailearen interes eta asmoetatik abiatuta. Askotan, denbora behar da interes eta asmo horiek ager daitezen, urteak ere bai batzuetan".

Kontuan hartu behar da pertsona horietako batzuek ezgaitasun larriak dituztela, batzuk ez direla berba egiteko gai, eta, Barrerak dioen moduan, "euren bizitzaren gainerako arloetan oso ohituta daude besteek agintzen dutena egitera. Horregatik, kolaboratzailea oso azkar joaten bada, kolaboratzaileak nahi duena egiten amaitzen dira, eta ez beraiek nahi dutena. Oso mantso goaz, ez dugulako batere presarik".

Lantegi horietan parte hartzen duten lagunek euren burua adierazteko bideak topatzen dituzte apurka-apurka. Askatasun esparru bat irabazten dute, non beraiek erabakitzen duten zer egin nahi duten, zein osagai eta lanabesekin: Barrerak dioen moduan, "leku propio bat" sortzen dute. "Pertsona horiek oso ohituta daude hainbat jarduera egiten. Horregatik, hasieran, badirudi antzeko jarduera batean ari direla, eta ondo egin behar dutela gu poztearren. Geroago ikusten dute ezetz, artelanak beraienak direla: lantzen dituzte, handitzen dituzte, aldatzen dituzte. Irudi batzuk, berezko hizkuntza bat sortzen dute, eta gainera ikusten dute horrek gainerakoen interesa eta arreta erakartzen duela. Oso esker oneko jarduera da", erantsi du Barrerak.

Horri autoestimuan eragindako onurak gehitu behar zaizkio. Gehienek badute erakusketetan parte hartzeko gogoa, eta, Barrerak dioenez, hasieran horren aurrean uzkurren edo ezaxolatien agertzen direnak ere erakusketaren inaugurazio egunean harro paratzen dira euren artelanen ondoan.

Antzeko ezaugarriak dituzten beste gune batzuetan helburu bikoitza bilatzen dute artearen bidez: alde batetik, noski, parte hartzaileen gaitasunak, autoestimua eta norbere burua adierazteko moduak hobetu nahi dituzte, baina, beste aldetik, artelanak erakutsiz eta salduz, artistentzako diru iturri bat bermatu bahi izaten dute. Barrerak dioenaren arabera, Bajo el Sonbreroko proiektua, aitzindaria izan arren, oso gaztea da, eta oraindik ez dira iritsi bigarren pauso hori ematera. "La Casa Encendida aretoan egin dugun azken erakusketak arrakasta handia izan du, eta zenbait arte galeriak eta museo txikik interesa agertu dute, baina oraindik kontu hau oso berria da. Dena dela, bide bat irekitzen ari dela ikusten dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.