Erreferendum bidez egiten diren herri kontsultak eskumenik gabe antolatzen dituen agintaria espetxearekin zigortzeko, Espainiako Gobernuak Zigor Kodearen aldaketa sustatuko duela iragarri zuen atzo. Hiru eta bost urte arteko zigorra jasoko luke antolatzen duen agintari edo funtzionario publikoak. Era berean, herri kontsulta sustatu eta bermatzen duten beste agintariak ere zigortuko lituzkete urtebete eta hiru urtean, eta baita «legez kanpoko» prozesu hori garatzeko eta bermatzeko bidean parte hartu duten herritarrak ere esaterako, interbentoreak.
Herri kontsultak tresna gisa baliogabetzea eta eragoztea da Espainiako Gobernuaren helburua. Eta presa du, gainera. Jose Maria Michavila Justizia ministroak atzo adierazi zuenez, litekeena da abenduaren 18an edo 23an aldaketak onartzea.Bi artikulu gehituko dituzte Zigor Kodean: agintari eta funtzionarioez ari den 506 bis artikulua Aginpideak usurpatzea deitutako atalean sartuko dute; eta herritarrak zigortzea aurreikusten duen 521 bis artikulua, Oinarrizko eskubide eta askatasun publikoak egikaritzean egindako delituak izenburupeko atalean. Hau da Espainiako Gobernuak gehitu nahi duen testuaren pasarte bat: «Eskumenik ez duela argi egonda, hauteskunde orokorrak, autonomikoak, lokalak edota erreferendum bidezko herri kontsultak antolatu edo baimentzen dituen agintari eta funtzionario publikoari hiru eta bost urte arteko zigorra ezarriko zaio, eta erabateko inhabilitazioa, espetxe zigorrak irauten duen baino hiru edo bost urte gehiagoz seitik hamar urtera». Michavilak horrela ez zuen adierazi, baina argi dago aldaketaren xede nagusia Jaurlaritzaren Estatutu Proposamenaren biden beste oztopo bat jartzea dela.
Proposamenak Juan Jose Ibarretxe lehendakariak iragarritako bidea segi eta 2005ean herri kontsulta egiten badute, Ibarretxe epaitegietara eraman dezakete eta hura kartzelaratzea agindu. Izan ere, Gernikako Estatutuaren testuak dioenez, Jaurlaritzak Estatutua aldatzeko erreferendumera deitu nahi badu, Estatuaren baimena behar du.Baina, aldaketa ez da soilik Estatutu Proposamena geldiarazteko tresna, erabat baldintzatzen baitu hainbat aldiz erabilitako herri kontsultaren bidea hartzeko aukera; bai herritarrei eta baita udalei edo beste erakundeei ere. Esaterako, Trebiñoren kasuan udalek egin zuten herri galdeketa Araban sartzeari buruz, baina ez zuten ez Gaztela-Leongo Juntaren ez Espainiako Gobernuaren baimena. Orain egingo balute, alkateak espetxeratu egingo lituzkete.
Ezohiko prozedura
Espainiako Gobernuak egin nahi duen aldaketak jarraituko duen bidea ez da ohikoa. Izan ere, beste Lege Organiko bat onartzeko prozedura irekita dago Espainiako Kongresuan eta Senatuan, eta, Michavilak atzo adierazi zuenez, prozedura horri gehitutako zuzenketa gisa egin nahi du aldaketa Gobernuak.
Hala, PPk hiru zuzenketa aurkeztuko dizkio Arbitraje Legea deitutakoari Espainiako Senatuan, eta horietan eskatuko du Zigor Kodeari artikuluak gehitzea. PPren gehiengo osoarekin erraz gaindituko dute Senatuko tramitazioa, eta baita, gero, Kongresukoa ere. Zigor Kodea normalean baino azkarrago aldatzea ekarriko du bide hori hartu izanak; hutsetik abiatu beharrean, dagoeneko ia bere amaiera puntuan dagoen tramitazio batean sartzen dituztelako aldaketak. Atzo Jose Maria Michavila Justizia ministroak esan zuenez, Espainiako Kongresuak abenduaren 18an edo 23an eztabaidatu eta bozkatu behar du lege hori, eta hurrengo egunean jarriko litzateke indarrean.Michavilak ez zuen argitu PSOEk aldaketak babestuko dituen edo ez; PSOEri ekimenaren berri eman zaiola esan zuen, baina baita aitortu ere ekimena ez dela bi alderdien artean hitzartutakoa izan.
LEGEZ KANPOKO ALDERDIEN FINANTZIAZIOA
SAri dirua emateagatik ere espetxe zigorra
Legez kanpoko alderdi edo talde bati diru laguntza eman edo ondasun publikoak erabiltzen uzten dion agintari edo funtzionario publikoa ere espetxearekin zigortu nahi du Espainiako Gobernuak. Erreferendumarekin bezala, hiru eta bost urte arteko espetxe zigorra ezartzea aurreikusten duen beste aldaketa bat ere egin nahi du Gobernuak, gai horrekin lotuta; kasu horretan, Zigor Kodearen 576. artikulua aldatuta.
Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren kasua sartuko litzateke balizko horretan. Izan ere, SAri talde gisa dagokion dirua ematea onartu ez badu ere, taldea desegin ez duenez, Eusko Legebiltzarrak taldeen esku uzten dituen baliabide berberak uzten baititu SAko kideen esku. Espainiako Gobernuak sustatuko duen lege aldaketak hori zigortzea ekarriko luke, ez baitu soilik diruaz hitz egiten, baita «izaera publikoa duten ondasunez» ere. «Gaur egun badago terrorismoarekin lotutako arrazoiengatik legez kanporatutako legebiltzarkide talde bat, eta, dirudienez, ez dagokion lan bat egiteko baliabide pertsonalak, materialak eta laguntza jasotzen dute», adierazi zuen atzo Jose Maria Michavila Justizia ministroak, izenik aipatu gabe, baina Eusko Legebiltzarrari eta SAri erreferentzia argia eginda.
Espainiako Zigor Kodearen aldaketa
Kartzelarekin zigortu nahi du Madrilek erreferendumera deitzea
«Erreferendum bidezko herri kontsulta antolatu edo baimentzen duen agintari edo funtzionario publikoari» hiru eta bost urte arteko zigorra ezartzea aurreikusten du Zigor Kodean egin nahi duten aldaketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu