Kataluniako Gobernutik ateratzeko eskatu zion Aznarrek Carod-Rovirari

Carod-Rovirarekin eta haren alderdiarekin dituen harremanak apurtzeko eskatu zion PSOEri

2004ko urtarrilaren 27a
13:16
Entzun
RREDAKZIOA - DONOSTIA

Carod Rovira «lehenbailehen Generalitetik ateratzeko», eta PSCk ERCrekin duen gobernu akordioa apurtzeko eskatu du Jose Maria Aznarrek, Espainiako presidenteak. Josep Lluis Carod-Rovira ERCko idazkari nagusiak eta Generalitateko kontseilariburuak ETArekin elkarrizketatu zela aitortu ostean egin zituen adierazpenok Aznarrek.

Aznarrentzat oso larria da Carod-Rovirak egin duena. Eta eskatzen dio lehenbailehen Espainiako segurtasun indarrengana jotzeko dituen datu guztiak emateko. «Hori egin gabe pasatzen den egun bakoitzarengatik gizon honen ardura areagotu egiten da», esan zuen Aznarrek.Bestalde, esan zuen espero duela PSOEk Carod-Rovirarekin eta haren alderdiarekin dituen harremanak apurtzea, «erabaki horiek lehenbailehen hartu behar ditu PSOEk», esan zuen.

 

MARIANO RAXOI (PP)

«Delitua eta legez kanpokoa da Carod-Rovirak ETArekin bilera egin izana»

«Delitua eta legez kanpokoa da Carod-Rovirak egin duena. Etikoki moralaren kontrakoa iruditzen zait ETArekin elkarrizketatzea. Gertaera horien larritasunagatik, PSCk eta ERCk duten gobernu akordioa ezin da inolaz ere mantendu, eta Carod-Rovirak ezin du bere gain hartu gaur egun gobernuan duen ardura. Bestalde, alderdi sozialistari eskatu diogu argi eta garbi gaitzesteko Carod-Rovira ETArekin bildu izana».

 

JOAN HERRERA (ICV)

«Bere izenean eta asmo onarekin egin du»

«Elkarrizketa asmo onarekin eta bere izenean egin du. Halere, argitu behar dugu, gobernukide moduan, ez genuela bilera horren berri».

 

GASPAR LLAMAZARES (IU)

«Ez dut zalantzarik asmo onarekin egin duela, baina hutsegite politikoa izan da»

«Ez dut zalantzan jartzen asmo onarekin egin duela, baina hutsegite politikoa izan da. Uste dut ETAren indarkeriak dirauen bitartean solaskideek politikaren barnean egon behar dutela, eta ez indarkeriaren inguruan. Gainera, garai honetan ETAri helarazi behar zaion mezu bakarra da behin betiko su-etena eman dezala. Azkenik, uste dugu PPk gertatutakoa hauteskundeetarako erabiliko duela, baina ez du inongo zilegitasunik, PPk, gobernuan zegoela gainera, ETArekin harremanak izan zituelako».

 

ARALAR

«Ekimen guztiz demokratikoa da»

«Elkarrizketa ez da inoiz demokraziaren kontrakoa. Ildo horretan, ekimen ausarta da, irtenbide demokratiko eta elkarrizketatuak zapuztu nahi dituztenei aurre egiten dielako. Bestetik, PSOEren jarrera koldarra salatu nahi dugu Carod-Rovira presionatu nahi dutelako PSCren bitartez. PSOEri jakinarazi nahi diogu oinarri politikoa duten gatazkak bide politikoetatik konpontzen ez badira, ETAren kasua den moduan, ez dela inoiz benetan konpontzen».

 

EAE-ANV

«Gure sostengua eskaini nahi diogu»

«EAE-ANVk bere sostengua eskaini nahi diogu buruzagi katalanari. Gainera, susmagarria da ERCko buruzagi bat ETArekin elkarrizketatzea delitua izatea, nahiz eta Espainiako gobernuak sarritan bildu diren ETArekin. Espainolismoak oso maila politiko eskasa dauka, eta, halakoetan, lotsagarri geratzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.