EAJren eta EH Bilduren babesarekin onartu dute Kataluniako prozesu independentistari "aitortza eta errespetua" adierazteko mozioa. Hala ere, bi indar politikoak ez dira bat etorri moduan.
EAJk nabarmendu du Espainiaren eta Kataluniaren artean "modu adostuan" gauzatu behar dela printzipio demokratikoa. Hori "ezinezkoa" dela erantzun dio EH Bilduk, eta Espainiatik "irteteko" beharra azpimarratu du.
Eusko Legebiltzarrak, Nafarroako Parlamentuak eta Kataluniakoak Espainiako Estatuarekin "konfrontazio demokratikoan" ariko den batzorde bat osatzea proposatu du EH Bilduk. Kataluniako prozesuaren jarraipena egiteko, Eusko Legebiltzarrean batzorde bat eratzea ere proposatu du koalizioak, baina ez du aurrera egin, aldeko 21 boto —EH Bildurenak— eta kontrako 26 —PSE, PP eta UPDrenak— jasota. Abstenitu egin da EAJ.