Koldo Agirre (Beasaingo alkatea): "Administrazio publikoen eta herritarron esku dago BERRIAk beste hamar urte betetzea"

2013ko apirilaren 17a
09:29
Entzun

Beasaingo alkatea da Koldo Agirre (Beasain, 1985). Kargua hartzearekin bat, euskararen sustapenean lan egiteko konpromisoa erakutsi zuen. Euskal prentsaren alde, herritarrek eta administrazio publikoek nork bere alea jarri behar dutela sinistuta dago Agirre.

Berriak hamar urte beteko ditu ekainean. Zergatik da berezia urteurrena?

Berria egunkaria oso garrantzitsua da, aurretik duen historia guztia bezala. Esanahi berezia du euskaldunontzat, hunkitzen gaituena, denok baitakigu Egunkaria zer izan zen eta nola itxi zuten. Oso gazte harrapatu ninduen itxierak, pentsa, adingabea nintzen artean! Momentu zail eta gogorrak izan ziren, baina Berria sortu zen, eta sortze prozesu horretan lan egin zutenek, nire ustez, indartsu egin zuten aurrera; hori gaur egun ikusten da. Zailtasunak zailtasun, aurrera egiten asmatu du Berriak.

Zer da Berria zuretzat?

Goizean goiz aurreko eguneko albisteak zein izan diren jakiteko modua da niretzat Berria. Beste edozein hedabideren aurretik irakurtzen dudana, lehenengoa. Bai etxean, bai udaletxean hartzen dugu. Horrez gain, Goierriko Hitza ere etortzen da Berriarekin, eta osagarriak dira bata bestearekin. Hitza, batez ere, udaletxean lan egiten dudan heinean, egiten ditugun lanak jendearen aurrean aurkezteko bidea da.

Nola ikusten duzu euskal prentsa?

Alde guztietan garaiak hain zailak diren honetan, euskal prentsak ere bere arazo propioak ditu. Papereko edizioek asko sufritu dute informazioaren teknologia berriak direla eta, baina, aldi berean, jende gehiagorengana iristeko modua izan daitezkeela uste dut. Ezinbestean, kanpotik ikusten dudan mundua da, ez baitut horretan lan egiten, baina zerbait baldin badakit zera da: euskaldunok euskal prentsa behar-beharrezkoa dugula, gure hizkuntza lehenesteko premia dugulako.

Zein kokaleku du Berriak testuinguru horretan?

Euskaldunoi egunero informazio osatua ematen digun tresna da Berria, batetik, eta Hitza, bestetik. Berriak maila nazionalean gertatutakoak eskaintzen dizkigu, eta Hitza-k, maila lokalean gertatutakoak. Biek ondo elkar osatzen dutela esango nuke. Udaloi dagokigunez, adibidez, ondo datorkigu Hitza bezalako proiektu bat, azken batean, herritarrengandik gertuago egoteko aukera eskaintzen digulako.

Nola ikusten duzu Berriaren etorkizuna?

Ona izango dela pentsatu nahi dut. Momentu zailak bizi arren, itxaropena izan behar dugu.

Beste hamar betetzeko bai?

Baietz espero dut! Lehenik, beste urtebete eskatu behar dugu, eta urtero-urtero gehiago eskatuko ditugu... Hamarrera, gutxienez, iritsi arte! Neurri handi batean, gure esku dago hori horrela izatea: administrazio publikoen eta herritarren esku. Bultzada hori guztion artean egin behar dugu. Euskaldun sentitzen garenok gure alea jarri behar dugu, eta horrela lortuko ditugu beste hamar urte, eta zergatik ez gehiago! Paperezko prentsak, nire ustez, informazioaren teknologia berrietara egokitzeko ahalegina egin behar du, eta esango nuke Berria bide onean doala.

Imajinatzen duzu etorkizuna euskara hutseko egunkaririk gabe?

Amesgaizto bat litzateke. Ez dut imajinatzen, eta ez dut imajinatu nahi: oso albiste txarra izango litzateke, eta ahalegina egin behar dugu halakorik ez gertatzeko. Jendeak irakurriko ez balu, hizkuntza irizpideengatik, edo egunkaria bera ekonomikoki sostengagarria ez balitz, agian egoera horretara irits gaitezke. Garbi dago zaila dela, baina ezin dugu onartu euskal prentsarik gabeko Euskal Herririk.

Zein funtzio betetzen du euskal prentsak euskararen hedapenean?

Esango nuke funtsezko papera jokatzen duela. Azkenean, euskara zabaltzeko eskura ditugun baliabide guztiak erabili behar ditugu, eta euskaldun guztiok, zahar eta berri, batu behar dugu horien bidez. Euskaldun berriei dagokienez, nik uste dut euskal prentsak asko laguntzen diela euskarara hurbiltzen. Egia da badagoela jendea, euskalduna izanik ere, gaztelaniazko prentsa kontsumitzeko ohitura duena, eta izatez, gaztelaniaz irakurtzeko aukera ere handiagoa da, euskararen aldean.

Zer egin dezakete administrazio publikoek euskal prentsaren alde?

Diru laguntzak emateaz gain, horiek kontsumituz lagundu dezakete: prentsa erosiz, edo horiek elikatuz —sortzen dugun informazioa horietara bidaliz, edo publizitatea egin behar badugu, bertan eginez...—. Beasaingo Udalean bide hori jarraitzen saiatzen gara. Inoiz ez da nahikoa izaten, baina denok hartzen badugu konpromisoa, espero dezagun aurrera egingo duela. Dena den, maila guztietan sustatu behar dugu euskal prentsa, ez soilik administrazio publikoek. Erakundeek lagundu, baina herritarrek euren aldetik ezer jarriko ez balute, ez luke zentzurik, ezta alderantziz ere. Herritarren begietara, administrazio publikoek eredu izan behar dute.

Zure herrian, Beasainen, nola ikusten duzu euskara?

Biztanleriaren gehiengo handi batek ulertzen du euskara, baina hori hala izanik ere, asko dira hitz egiten ez dutenak. Adin tarte guztietan gertatzen dela esango nuke, baina gazteengan nabaria da: ia guztiek ikasten dute euskaraz ikastetxeetan, baina hortik kanpo gaztelaniara jotzen dute. Hori horrela zergatik gertatzen den pentsatzeak zalantzak sortzen dizkit. Euskaraz dakigunok erabiltzea funtsezkoa da. Hala ere, bada gertaera nahiko ohiko bat Euskal Herrian, gustatu edo ez: hamar laguneko taldean, batek euskaraz ez badaki, gainontzekoek gaztelaniara jotzen dute.

Beasaingo Udalak zein plan ditu euskara sustatzeko?

Normalizazio plan bat bultzatu dugu: barne eta kanpo araudi bat atera dugu, udalak jarraitu behar lukeen hizkuntza politika definitzeko eta, horrela, euskara bultzatzeko. Eta esango nuke fruituak ematen ari dela jada. Bere garaian, euskararen erabilerari buruzko neurketa bat ere egin genuen, eta gehiago egitea aurreikusten dugu, garapen hori nola gauzatzen den ikusteko. Gainontzean, udalekook udal euskaltegia, euskal prentsa, mintzodromoa... laguntzen saiatzen gara. Azken batean, jendeari euskaldun sentiarazi behar diogu; horretan jarri behar dugu indarra.

Zein harrera du Goierriko Hitza-k herrian?

Zifrarik ematen asmatuko ez nukeen arren, harrera ona duela iruditzen zait. Inguruko gertaerak gertutik ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen du, eta herritarrek hori eskertzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.