Hauek dira Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak Nafarroako Gobernua osatzeko adostu dituzten bederatzi kontseilariak.
MANU AIERDI OLAIZOLA. (Ekonomia presidenteordea)
Ekonomialaria eta EAJko burukidea
Donostian jaioa. Ekonomia Zientzietako eta Enpresaritzako lizentziaduna da Aierdi, eta enpresa txiki eta ertainen finantza kudeaketan aditua. Arian eraikuntza enpresan du lanpostua; finantza zuzendari gisa aritu zen hamar urtez, 2001etik 2011ra. Enpresa horren ordezkari ere aritu zen Txinan, 2004tik aurrera. 2003an afiliatu zen EAJn, eta zuzendaritzan lurralde antolaketako gaiekin aritu ondoren, Napar Buru Batzarreko presidente izendatu zuten 2012ko martxoan. Euzkadi Buru Batzarreko kide ere izan da.
2011ko foru hauteskundeetan eman zuen erakundeetarako pausoa, Uxue Barkos buru zela, Nafarroa Bai 2011ren zerrendan —ondoren, Geroa Bai bihurtu zen—. Parlamentari izan da geroztik; besteak beste, landa garapena, industria, enplegua eta ingurumen batzordean jardun zuen, eta parlamentuak eratutako CANen ikerketa batzordean ere aritu da.
Pasa den hauteskundeetan, bigarren postuan joan zen Geroa Bairen zerrendan. Orain, parlamentari eta EAJren NBBko presidente izateari utzi beharko dio, ekonomia presidenteorde izateko. Euskal hiztuna da.
MIGUEL LAPARRA NAVARRO. (Gizarte Gaietarako presidenteordea)
Gizarte gaietan aditua eta ikertzailea
Bourgesen (Frantzia) jaioa, soziologoa da Laparra, eta irakasle eta ikertzaile dabil Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Gaur egun, Gizarte Integraziorako eta Berdintasunerako Ikerketa Katedrako zuzendaria da, eta Alter ikerketa taldeko koordinatzailea. Besteak beste, Gizarte Zerbitzuak eta Gobernua eta Gizarte Zerbitzuen Sistema irakasten ditu. Aurrez, Gizarte Lanetako departamenduko zuzendari izan zen zazpi urtez, iaz arte.
Gaur egun, krisi ekonomikoaren eraginak sektore zaurgarrienetan duten eragina ikertzen ari da batez ere: gizarte bazterketa, immigrazioa, ijito komunitatea, lan prekaritatea... Hainbat liburu idatzi ditu azken urteetan gai horiei buruz, nazioarteko argitaletxeekin ere bai. Europako aldizkari ugaritan argitaratu ditu hainbat lan. Besteak beste, gizarte ikerketak eta soziologia aplikatua sustatzeko Foessa fundazioan aritzen da, baita Europako Batzordean ere. Nafarroako Gobernuaren Gizarte Bazterkeriaren aurkako Plana (1999) idazten lagundu zuen, eta gutxieneko errenten programak garatzen lagundu du Espainiako hainbat autonomia erkidegotan. Ez da euskal hiztuna.
ANA OLLO HUARTE. (Gobernuaren bozeramailea)
Komunikazio zuzendaria NUPen
NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko komunikazio zuzendaria da Ollo, 2007ko urritik. Haren ardurapean izan dira, besteak beste, unibertsitatearen prentsa kabinetea, sustapena eta marketina, publizitatea, webgunea eta sare sozialak, irudi instituzionala, markaren garapena, harreman instituzionalak. Postu horren aurretik ere egina zuen bidea NUPen: komunikazio teknikari gisa aritu zen, hamabost urtez.
Informazio Zientzietako lizentziaduna da, eta Zientzia Politikoetan doktore ere egin zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Master bat ere egina du, NUPen: Zuzendaritza eta Kudeaketa, eta politika publikoen Analisia. NUPen lanean hasi aurretik, TVE Espainiako telebista publikoan hasi zuen ibilbidea, kazetari lanetan. Irratian ere aritu zen ondoren, RNEn, politika eta kirol sailetan erredaktore.
Berria Fundazioarekin lankidetzan aritu izan da. 2010ean, esaterako, bekak emateko epaimahaiko parte izan zen. Beste hainbat lagunekin batera hautatu zituzten orduan lehiaketarako aurkeztutako proiektuetako sarituak: Antxeta irratiak irabazi zuen orduan. Euskal hiztuna da.
MIKEL ARANBURU URTASUN. (Ogasun kontseilaria)
Iruñean jaioa da Aranburu. Zuzenbidean eta Enpresa Zientzietako lizentziaduna. Irakasle jarduna da NUPen, eta hainbat elkarterekin ibili da lankidetzan. Eusko Ikaskuntzako presidenteorde izana Nafarroan. 1980tik ari da Nafarroako Ogasunean; hainbat ataletako zuzendari izan da: ikuskaritzan, zergen kudeaketan eta zerga sisteman. Konbenio ekonomikoa negoziatu zen garaian, aholkulari aritu zen batzorde negoziatzailearentzat. Euskal hiztuna da.
MARI JOSE BEAUMONT ARISTU. (Presidentetzako kontseilaria)
Abokatua da Beaumont, Zuzenbide lizentziaduna. Ingurumenarekin lotutako gaiekin aritu da batez ere; besteak beste, Itoizko urtegiaren inguruan. Liburu bat ere egin zuen horren inguruan: El embalse de Itoiz, la razón o el poder (Itoizko urtegia, arrazoia ala boterea). Beste kasu ezagun bat ere izan zuen esku artean: Mikel Iribarrenena —Estrasburgoko Auzitegiak Espainia zigortu zuen, epaiketa justurik ez bermatzeagatik—. Ez da euskal hiztuna.
ISABEL ELIZALDE ARRETXEA. (Ingurumen kontseilaria)
Donezteben jaioa da Elizalde. Cederna Garalurreko zuzendari gerentea da 2012tik; Nafarroako Mendialdean jarduera sortu eta garapen sozial eta ekonomikoa lortzen laguntzeko dinamikak garatzen ditu erakunde horrek, sustatzaile publikoak nahiz pribatuak bultzatuz. Aurrez, inguru hartako enpresen kudeaketan egin zuen batez ere ibilbide profesionala, eta esperientzia du landa garapen gaietan ere. Euskal hiztuna da.
FERNANDO DOMINGUEZ CUNCHILLOS. Osasun kontseilaria
Zaragozan (Espainia) jaioa, Medikuntzan eta Kirurgian doktorea. Iruñeko Virgen del Camino ospitaleko bular kirurgia saileko burua da; unitate horren sortzaileetakoa izan zen. Espainiako Senologia Elkarteko presidente ere izana da, eta Espainiako Kirurgilari Elkarteko kidea da. Bularreko minbiziari buruzko lanetan aritu izan da; besteak beste, Global Local agentziarekin lankidetzan, tratamendurako agenda bat sortzen lagundu zuen. Ez da euskal hiztuna.
JOSE LUIS MENDOZA PEÑA. (Hezkuntza kontseilaria)
Irakasle dabil Mendoza azken urteetan. Udalbiltza-Udalbideko zuzendari izan zen aurrez, 2004tik aurrera, zortzi urtez. Berrantolatutako Udalbiltza sortu ondoren, hautetsi guztiak proiektu berean batzeko baldintzak bazirela adierazi zuen. Gaztetan, Fronte Sandinistarekin borrokan aritu zen Nikaraguan. Nafarroa Bairen sorrera parte hartu zuen Zabaltzen-eko kide bezala, besteak beste, Uxue Barkosekin. Euskal hiztuna da.
ANA HERRERA ISASI. (Kultura kontseilaria)
Komunikazio lizentziaduna, Kudeaketari eta Kultur Politikei buruzko masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean. 1991tik ari da Nafarroako Kultura Departamentuan lanean, teknikari gisa. Besteak beste, Punto de Vista film eta dokumentalen nazioarteko jaialdiko zuzendari da, 2005ean hura sortu zutenetik. Euskara ikasten ari da, eta atzo bertan esan zuen euskara ondo menperatzea dela haren lehentasunetako bat.