Kontserbadoreen gotorlekua

Asko kritikatu izan dute Vatikanoko buruak gizarte gaien inguruan hartutako jarrera; abortuaren eta homosexualitatearen inguruan hartutakoa, besteak beste

2005eko apirilaren 3a
10:35
Entzun
Mende laurdeneko agintaldian Joan Paulo II.a Vatikanoko agintari gorenak erabaki ugari hartzeko denbora izan zuen. Horietako batzuek, ordea, eztabaida handi-handia piztu zuten gizarteko sektore aurrerakoietan. Izatezko bikoteak, abortua, eutanasia eta hiesari buruz hitz egin zuen, besteak beste, Eliza Katolikoko buruak.

Homosexualen arteko ezkontza. «Naturaren lege moralaren aurkakoak dira. Homosexualen arteko harremanek ez dute seme-alabak izatea helburu eta, beraz, ezin dira inolaz ere onartu. Eskritura Santuen arabera, homosexualen arteko ezkontzak gaiztakeria larria dira. Hala ere, homosexualak errespetuz eta gupidaz tratatu behar dira».

«Politikarien esku dago homosexualen arteko ezkontzen aldeko lege proiektuak atzera botatzea eta kristautasunak agintzen duen bidea jarraitzea».

«Elizak ezkontzari buruz irakasten duena kultura guztiek onartutako zerbait da. Ezkontza ez da bi pertsonen arteko nolanahiko lotura. Jainkoak sortutako zerbait da»

Emakumea. «Jainkoak emakumearen eta gizonaren artean ezagutzan oinarritutako batasuna sortzea nahi izan du. Berdintasunean oinarritutako harremana sortzeko aukera du gizonak emakumeengan».

«Emakumeek aurrerapauso garrantzitsuak egin dituzte kulturan, gizartean, ekonomian, politikan eta, baita, familia bizitzan ere. Bide zaila izan da eta, askotan, oztopo ugari gainditu behar izan ditu. Zenbait lekutan, ordea, emakumearen duintasuna eta balioa ez da, oraindik, behar bezala errespetatzen».

Eutanasia. «Abortua eta eutanasia bizitzeko eskubidearen aurkako ekintzak dira. Eskubide horretan oinarritzen dira gizakiaren beste oinarrizko eskubide guztiak».

«Inork ezin du errugabe baten bizia eten, Jainkoaren eta giza eskubideen aurka egin gabe. Bekatu larria da hori. Ondorioz, norberak bere buruaz beste egitea onartezina da. Oso larri dauden gaixoek eutanasia egiteko eskatzen dutenean, ez da pentsatu behar hil nahi dutenik, laguntza behar dutela baizik».

Antisorgailuak eta abortua. «Abortuaren kasuan, familiak erabakitako heriotza dela jakitea da larriena».

«Askok diote antisorgailuak direla abortua gutxitzeko biderik egokienak. Abortua eta antisorgailuak gaitz desberdinak dira, ordea: lehena ezkontzara birjin iristearen ideiaren aurkakoa da, eta bigarrena ‘ez duzu hilko’ aginduaren aurkakoa».

«Batzuetan abortura jotzen dutenak haurra mantendu ezin dutelako hartzen dute erabaki hori. Baina horrelako arrazoiak ere ez dira nahikoak errurik ez duen pertsona bat hiltzeko»

Ernalketa artifiziala. «Umekia hiltzeko sistema berriak sortzeko erabiltzen dira askotan. Baina horretarako erabiltzen ez direnean ere, ezin dira onartu. Bizi berriak sortzea gizon-emakumeen erantzukizuna bakarrik delako eta horrelako teknikek harreman horiek alferrekoak bihurtzen ditu».

«Ezin esan daiteke ernalketa artifiziala etikoa edo morala denik, giza bizia materiala balitz bezala erabiltzen dutelako».

Hiesa. «GIB-hiesaren izurria garai honetako hondamendirik handienetariko bat da. Osasun arazo bat baino gehiago da, gizartean, ekonomian eta politikan baitu eragina».

«Goraipatzekoak dira izurriari aurre egiteko martxan jarri dituzten proiektuak. Kontuan hartu behar da gaixoek ezin dituztela gaitzaren aurkako tratamenduak eskuratu prezio altua dela eta. Ondorioz, garapen bidean daudenek ezin diote izurriari aurre egin».

Izatezko bikoteak. «Izatezko bikote deitzen zaie ezkondu ez eta elkarrekin bizitzen jartzen diren bikoteei. Horiek ezkontza atzeratu ez ezik, ukatu ere egiten dute kasu askotan eta horrek ondorio larriak izan ohi ditu».

«Ezkontzarekin bikotekideek harremana aurrera atera ahal izateko erantzukizunak hartzen dituzte. Horri esker, seme-alabak ez ezik, bikotekideen familiak ere babesturik sentitzen dira, bai baitakite bikotearen harremana sendoa dela eta ez dela bertan behera geratuko edozein unetan. Alabaina, hori guztia arriskuan jartzen dute izatezko bikoteek».

Dibortzioa. «Ezkontideak independenteak izan daitezkeenaren ustea okerra da. Askotan pertsona horiek dibortzioaren bitartez lortu nahi dutena ez da bikotekidearen ongizatea, norberaren helburu egoistak baizik. Askatasunaren ideia okerra da hori. Gure lana da ezkontza betikoa dela dioen ideia zabaltzea. Azken urteotan, bestalde, behin ezkondu den bikote baten eta dibortziatu ostean, berriz ezkondu den beste bikote baten arteko desberdintasunak nabarmentzen dituzten tesi ugari kaleratu dira».

Komunikabideak. «Komunikabideek eragin handia dute gaur egungo gizartean eta horregatik, ezin dira indar ekonomikoen menpe egon. Gizartearen ongizatearen zerbitzura egon behar dute, gizarteko sektore ahulenen zerbitzura hain zuzen ere: haurrak, gaixoak eta baztertuak, besteak beste».

«Ezin dute adierazpen askatasunaren atzean ezkutatu nahi duten guztia esateko. Pertsonen eskubideak kontuan hartu behar dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.