Hego Euskal Herriko unibertsitateetan kontzentrazioak izango dira ostegunean, Egunkaria auziko auziperatuei elkartasuna adierazteko. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen hiru campusetan eguerdian, 12:00etan egingo dituzte elkarretaratzeak. Donostian, gelategiaren aurrean elkartuko dira; Leioan, Mikel Laboa plazan; eta Gasteizen, Letretako Fakultatearen atarian. 12:00etan izango da MU Mondragon Unibertsitateko protesta ere, Eskola Politeknikoaren aurrean, Arrasaten (Gipuzkoa). NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan, berriz, 11:00etan egingo dute protesta, Iruñeko campusean, liburutegiaren aurrean.
Protestak ez ezik, hitzaldiak ere izango dira datozen egunetan Egunkaria auziari lotuta. Martxelo Otamendik, Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari zenak, hitzaldia emango du asteazkenean, 20:00etan, Durangoko Plateruena kafe antzokian (Bizkaia). Ostegunean, berriz, Balmasedako kultur etxean (Bizkaia) izango da, 19:30ean. Ostiralean, ostera, Oviedon (Asturias, Espainia) izango da, 20:00etan, Cambalache aretoan.
Egunkaria 2003ko otsailean itxi zuten, eta iazko abenduaren 15ean hasitako epaiketa otsailaren 1ean bukatu zen. Etakide izatea egotzita epaitu zituzten Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai eta Xabier Oleaga.
Kontzentrazioak izango dira ostegunean unibertsitateetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu