Krimen zerrenda amaigabea

2006ko abenduaren 11
12:20
Entzun
Augusto Pinochetek krimen ugari egin zituen agintean emandako 17 urteetan; bere kontra 300 kereila daude jarrita, eta immunitatea hamalau aldiz kendu badiote ere, oraino ez dute zigortu.

KRISTINA BERASAIN

Salvador Allende presidentearen kontra estatu kolpea eman eta hamazazpi urtez egon zen agintean Augusto Pinochet (1973-1990). Urte horietan egindako krimenen zerrenda amaigabea da. Rettig txostenaren arabera, diktadurak 3.197 biktima eragin zituen, oraino desagertuta dauden 1.192 biktima tartean. Giza eskubideen taldeen arabera, berriz, 30.000 lagun baino gehiagok jasan zituzten torturak.

Augusto Pinochet Estatu buru ohia den heinean immunitatea du eta pribilegio horretan babestu da orain arte. Immunitatea kendu diotenean -hamalau aldiz- bere ustezko osasun egoera kaskarra baliatu du prozesuak bertan behera uzteko.

1998. urtean eman zuten diktadore ohia atxilotzeko aurreneko agindua. Baltasar Garzon Espainiako epaileak aginduta 503 egunez egon zen atxilotuta Londresen (Erresuma Batua). Txilen, orduz geroztik, bere kontrako 300 kereila baino gehiago jarri badituzte ere, oraino ez dute aldi bakar batez ere kondenatu. Hauek dira bere kontrako auzibide nagusiak:

'Heriotzaren Karabana'

Auzi honetako bi heriotzetan izan zuen erantzunkizunagatik etxeko atxiloaldia ezarri zioten iragan astean. Auzitegi batek aske jarri zuen atzo fidantzapean. 1973ko irailean estatu kolpea eman eta hilabetera oposizioko kideak harrapatzeko ibilbidea abiatu zuten militarrek Txilen. Juan Guzman epailearen arabera, oposizioko 74 kide exekutatu zituzten. 2000an kendu zioten aurreneko aldiz immunitatea Pinocheti. 57 exekuzioren eta 18 desagerpenen erantzule izatea leporatu zioten. 2001ean etxeko atxiloaldia ezarri zioten. Gorenak auzia artxibatu zuen bere osasun egoeraren harira.

'Prats jeneralaren auzia'

Carlos Prats Txileko armadako burua izandako jeneral ohia eta haren emaztea hil zuten zerbitzu sekretuek 1974.ean Buenos Airesen (Argentina). 2000. urtean atentatuaren erantzule intelektuala izatea egotzi zioten Pinocheti. Auzitegi Gorenak immunitatea kentzea baztertu zuen 2004. urtean. Iaz auzia artxibatu zuten.

'Condor operazioa'

Txile, Argentina, Bolivia, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko agintariek elkarlanean egindako operazioan ezkerreko dozenaka lagun desagerrarazi zituzten 70. hamarkadan Latinoamerikan. Pinocheti operazio honetan parte hartu izana leporatu zioten. Auzitegi Gorenak immunitatea kendu zion 2004 . urtean. Hilketa bat eta bederatzi desagertzeen harira prozesatu zuten. Urtebete geroago auzia artxibatu zuten.

'Villa Grimaldi'

Diktadurako atxiloketa gune sekretu ezagunena da Villa Grimaldi. 1974 eta 1977. urteen bitartean ehunka pertsona torturatu zituzten bertan. Auzi honen harira iragan irailean kendu zioten immunitatea Pinocheti. 23 tortura kasu eta 36 desagertzeen erantzule izatea egotzi zioten. Urrian etxeko atxiloaldia ezarri zioten baina azaroan fidantza ordaindu eta aske gelditu zen.

Kontu korronte sekretuak

Riggs bankuko kontu korronte sekretuetan diktadore ohiak sei milioi euro zituela jakin zen duela bi urte ikerketa baten harira. Nazioarteko hainbat bankutan, berriz, 20 milioi euro zituela jakinarazi zuten ikertzaileek. Iazko azaroan etxeko atxiloaldia ezarri zioten dokumentuak faltsutzea eta zergak saihestea leporatuta. Emaztea eta lau seme alaba inplikatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.