Garzonen eginahala
• 2008ko irailaren 1a. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea informazioa jasotzen hasi zen, hobi komunetan lurperatuen, desagertuen eta fusilatuen zerrenda egiteko. Hilabete eta erdira, hemeretzi hobi irekitzeko agindu zuen; tartean, Federico Garcia Lorcarena.
• 2010eko apirilaren 7a. Espainiako Auzitegi Gorenean Garzonen aurkako salaketa jarri zuten Falange Espainolak eta Manos Limpiasek. Prebarikatzea egotzi zioten, 36ko gerrako eta ondorengo krimenak ikertu ezin zituelakoan. Salaketa kontuan hartu zuten, eta Garzon epaitu zuen, 2012aren hasieran.
• 2012ko otsailaren 28a. Garzon errugabe jo zuen auzitegiak, esanez ikerketa hasi zuenean ez zekiela hori egiterik ez zeukala. Hala ere, frankismo garaiko krimenak ikertzeari erabat itxi zion atea. Gorenaren arabera, «okerra» da ikerketa, izan ere. «Egia historikoa jakiteko eskubidea ez da prozesu penalaren zati».
Argentinako bidea
• 2010eko apirilaren 14a. Maria Servini Argentinako epailearenean kereila bat jarri zuten giza eskubideen aldeko hainbat elkartek, frankismoko krimenak direla eta. Espainiako Justiziak ikerketari uko egin ziola ohartarazi zuten. Manifestazioak egin zituzten hainbat herrialdetan.
• 2011ko abenduaren 15a. Salaketa aintzat hartu zuen Servinik, eta datuak eskatu zizkion Espainiari, frankismoko azken urteetako krimenen erantzule izan litezkeenei buruzko datuak.
• 2012ko apirilaren 22a. Salaketa gehiago iritsi zitzaizkion Servini epaileari. Tartean, Goldatu taldeak ere aurkeztu zion.
• 2013ko irailaren 18a. Frankismoko lau polizia atxilotzeko agindu zuen Servinik: Jesus Muñecas Aguilar, Celso Galvan Abascal, Jose Ignacio Giralte eta Jose Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño. Bi hilda daude, eta beste biak atxilotzeari uko egin zion Auzitegi Nazionalak, beharrezkoa ez zela iritzita.
• 2013ko urriaren 28a. Estradizio eskaria egin zuen Servinik. Bitartean, NBEk ohartarazi zuen Espainiak «obligazioa» duela frankismoko krimenak ikertzeko.
• 2013ko abenduaren 5a. Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten Muñecasek eta Pachecok. Estradizioaz erabaki arte, baldintzapean aske utzi zituzten.
• 2014ko urtarrilaren 31: Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak uko egin dio Gonzalez Pacheco estraditatzeko eskariari.