Presoak

Kritika politikoa, delitu bihurtzeko zorian

2006ko urriaren 27a
09:24
Entzun
Iñaki de Juana gaur epaituko dute, prentsan bi artikulu idazteagatik. Iritzia ematea mugarik ez duen eskubidea dela gogoratu dute alor hori ondo ezagutzen duten hainbat profesionalek.

iñaki gurrutxaga

Bi iritzi artikuluak irakurri edo ez, BERRIArekin hitz egiten duten kazetari, editore, idazle edota giza eskubideen alorreko ekintzaileek argi dute ezin dela pertsonarik kartzelatu edo kartzelan eduki kritika politikoa duten bi idazki plazaratzeagatik.

Josu Juaristi Gara egunkariko zuzendariak ez zuen espero De Juanaren bi artikuluek horrenbesteko zalapartarik eragingo zutenik, batez ere, antzeko idazkiak kaleratu izan dituztelako. Juaristiren ustez, Espainiako gobernuek beti eduki dute tentazioa halako egoerak sortzeko, preso jakin batzuk ataka horretan jartzeko, eta De Juana horietako bat izan da. «Demokraziaren eta Espainiako justiziaren gabeziak agerian uzten ditu auzi honek, oinarrizko-oinarrizko eskubide batzuk ez direlako errespetatuak izan».

Urratutako eskubideetako bat adierazpen askatasuna da. Juaristiren esanetan, prozesu politiko baten atarian baliatu dituzte bi gutunak «alarma giroa pizteko», eta egoera honetan hori egitea «oso larria» dela iritzi dio. «Eskandalu juridiko eta politiko bat da».

Egunak eta La senda del abismo (Amildegiaren bidea) liburuak argitaratu zituen orain urte batzuk Iñaki de Juanak Txalaparta argitaletxearekin. Jose Mari Esparza editorearen ustez, Donostiako presoak bai liburuetan bai artikuluetan idatzitakoa «salaketa humanitarioa» da, eta idazteko modu hori «ohikoa» izaten da presoen artean.

Hala ere, Esparzaren esanetan, inori ezin zaio ezarri ez 96, ez 6 urteko zigorrik iritzi bat plazaratzeagatik. Giza Eskubideen Nazioarteko adierazpenaren 19. artikulua aipatu du hori argudiatzeko, adierazpen askatasunari dagokion atala, hain zuzen.

1766, PENSILVANIAKO AGIRIA. Mundu modernoaren sorrera 1766ko irailaren 28ko AEBetako Pensilvaniako agiriarekin hasten da. Estatubatuarrak britainiarren aurka altxatu ziren orduan, eta beren konstituzioaren oinarriak jarri zituzten. Oinarri hori adierazpen askatasuna da. Fito Rodriguez Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari eta irakasleak historiari egiten dio erreferentzia adierazpen askatasuna kontzeptuaren abiapuntua ezartzeko.

Rodriguezen esanetan, herritarrek iritzi ezberdinak ezagutu eta eskuratu behar dituzte erabakiak hartzeko, eta adierazpen askatasunik gabe ezin da ulertu demokrazia. «Oinarrian adierazpen askatasuna dago, eta demokraziarik ez da egongo adierazpen askatasunik gabe».

Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluak Espainian adierazpen askatasuna dagoela jasotzen du, baina funtsean, estatuek ez dute «askotan» hori babesten. Horixe da demokraziaren bigarren ezaugarria, Rodriguezen iritziz. Jon Stewart Millek honakoa idatzi zuen 1859an: «Ez dago demokraziarik estatuaren jarrera totalitarioa mugatzeko berme juridikorik ez badago».

Adierazpen askatasuna bermatu ez, eta estatuek jazarpen jarrerak hartzen badituzte, «konstituzio tranpa» sortzen dela dio EIEko presidenteak, Anthony Lijthart juristaren hitzak erabiliz.

Zuzendaritza batzordeak adostutako agiri bat kaleratuta plazaratu du Euskal PEN Klubak De Juanaren auziari buruz duen iritzia. Onartezinaren onarpena izeneko agiriaren aipu batek honela dio: «Idazleak eta hiritarrak garen aldetik salatu egin nahi dugu ez dela ontzat ematekoa bi iritzi artikulu argitaratzeagatik norbait kartzelan egotea».

Halaber, munduan dauden 143 PEN erakundeek bere egiten duten Charter Gutunaren laugarren eta azken puntua jasotzen du idazkiak. Adierazteko eta iritzia emateko eskubideari aipamen zehatza egiten dio. Euskal PEN klubeko kideek ez dute onartzen iritzi delitupean inor kartzelaturik egotea. «Ez dugu onartzen inork esatea De Juanaren kartzelaratzea justifikatu egiten dela prentsan iritzia-artikuluak argitaratu dituelako, adierazpen askatasunaren aurkako ekite larria baita».

Euskal Editoreen Elkarteko presidente Jorge Gimenezek bere iritzi pertsonala eman du auzi honen inguruan. Hiru kontu nabarmendu ditu. Haren ustez, De Juanaren aurkako jazarpena «guztiz antidemokratikoa eta fede txarrekoa» da, eta legearen aplikazioak ad dominen edo ad hoc egiten direnean, demokrazia bukatzen hasten da une horretan.

Euskal prozesuak «zuhurtzia politikoa eta malgutasun zibila» behar dituela adierazi du, eta kasu honetan ez du halakorik sumatzen. Azkenik, auzi honetan «kritikak mehatxuekin nahastu» direla uste du Gimenezek, eta horrek, ez lukeela «gurean» tokirik izan behar nabarmendu du.

MUGARIK GABEKO ESKUBIDEA. Pensamiento Libre elkarteko presidente eta Insurgente.org webguneko editorea da Iñaki Errazkin kazetari basauriarra. Cadizen (Espainia) bizi da, eta Andaluziako hainbat kiderekin batera De Juanaren auziari jarraipena egin diote, iritzi artikulu «pluralak» amaraunean jarriz. Bi artikuluak irakurri ditu, eta horri buruz idatzi ere bai. «Ez dut uste inor mehatxatzen duenik, ez dut deliturik sumatzen. Bere iritzia ematen du».

Nazioarteko gaiak jorratzen dituen Nizkor taldeko kide Gregorio Dionisek ez ditu artikuluak irakurri, baina berdin zaio, AEBetako Konstituzioko lehen emendakinak edozein zigor jartzea galarazten baitu edozein gauza idazteagatik. «Iritzia emateko eskubidea eta pentsatzeko eskubidea batera doaz. Hori edozein zuzenbide estatutan gertatzen da». Frantziako Iraultzaren garaian auzi hori erabakita geratu zela gogoratu du. «Iritzia emateko eskubideak ez du mugarik».

Espainiako Giza Eskubideen aldeko Ligak ere bere iritzia eman du, Francisco Alonso presidentearen ahotik: «Iritzia emateko eskubidea guztiz onartua den eskubide bat da, eta argi dugu iritzi bat emateagatik ezin dela inor zigortu». Hala ere, euskal auzian alde guztiek giza eskubide guztiak errespetatu behar dituztela uste du.

Amnesty International (AI) erakundeak ez du jarrera publiko zehatzik hartu De Juanaren auzia dela eta. Hala ere, gaur egitekoa den epaiketa jarraituko dutela adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.