Kronologia

2009ko urtarrilaren 17a
13:16
Entzun
2007ko maiatzaren 27a. Udal hauteskundeak. Azpeitian EAJk 3.300 boto lortu zituen, EAE-ANVk 2.409, EAk 760, EB-Aralarrek 404, PSE-EEk 343 eta PPk 224. Azpeitiko Udalean 17 hautetsi dira: EAJk 8 lortu zituen, EAE-ANVk 6, EAk 2 eta EB-Aralarrek 1.

2007ko ekainaren 16a. Ustekabea izan zen: EAE-ANVren zerrendaburu Iñaki Errazkin hautatu zuten alkate. 9 boto jaso zituen (EAE-ANVko 6, EAko 2 eta EB-Aralarreko 1); Julian Eizmendik, berriz, 8 (EAJkoak). 1979tik 2007ra arte beti EAJkoa izan zen alkate.

2007ko ekainaren 22a. Agintaldiko akordioa aurkeztu zuten udal gobernuko hiru alderdietako kideek: EAE-ANVk, EAk eta EB-Aralarrek. Herritarrei "lasaitasuna, errespetua eta normaltasuna" eskatu zieten.

2008ko maiatzaren 8a. EAJk mozio etikoa aurkeztu zuen udaletxean eta EAE-ANVko udal ordezkarien dimisioa eskatu zuen, "indarkeria" ez salatzeagatik. Mozioak EAJkoen botoak bakarrik jaso zituen. Udal Gobernuak beste testu bat adostu zuen eta hura onartu zen; horren arabera "desberdinen arteko akordioek" ekarriko dute konponbidea.

2008ko abenduaren 3a. Inazio Uria Altuna y Uria enpresako buruetako bat hil zuen ETAk Azpeitian, Loiolan, 13:05 aldera. 18:00etan ezohiko udalbatzarra egin zuten Azpeitiko Udalean. EAJk, EAk eta Aralarrek aurkeztutako mozioa onartu zuten; hautetsi independentisten mozioa onartu gabe gelditu zen. EAk udal gobernua utzi zuen.

2008ko abenduaren 4a. Aralarrek ere udal gobernua utzi zuen. EAJk zentsura mozioa aurkezteko asmoa azaldu zuen.

2008ko abenduaren 5a. Jendetza bildu zen Inazio Uriaren aldeko hileta elizkizunean, eta ondorengo manifestazioan (ETA kanpora lelopean egin zuten).

2008ko abenduaren 11. EAJk eta EAk bilera egin zuten Gasteizen. Bilera ondoren, EAJk proposatutako mozio zentsura babestuko zuela adierazi zuen EAko zuzendaritza nazionalak.

2008ko abenduaren 20a. Azpeitiko EAJren eta EAren bilera zentsura mozio akordioa adosteko. Akordioa lortu zuten.

2009ko urtarrilaren 5a. EAJko zortzi zinegotziek eta EAko bietako batek -Mikel Ibarzabalek- Iñaki Errazkin alkatearen kontrako zentsura mozioa sartu zuten udaletxean.

2009ko urtarrilaren 10a. Ezker abertzaleak deituta, zentsura mozioaren kontrako manifestazioa egin zuten Azpeitian, Konponbidea orain! Euskal herritarren hitza errespetatu! lelopean. Jendetza bildu zen.

2009ko urtarrilaren 17a. Aipatutako mozioa eztabaidatu dute udalbatzarrean, eta Julian Eizmendi jeltzalea hautatu dute alkate, Iñaki Errazkinen partez. EAJko zortzi zinegotzien botoak eta Mikel Ibarzabal EAkoarena jaso ditu. 2011ko maiatzean-ekainean izango dira hurrengo udal hauteskundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.