Desagerketa. Jon Anzaren lagunek preso ohia Baionako geltokira eraman zuten iazko apirilaren 18an, eta Okzitaniako Tolosarako trena hartu zuen.
Kezka. Bost egun geroago hasi ziren senideak kezkatzen. Izan ere, minbizia zuen Anzak, erietxean ordua hartua zuen, eta ez zen agertu.
Lehen bilatze saioak. Senideak berehala hasi ziren hurkoa bilatzen. Sorospen zerbitzuetara jo zuten lehenik, erietxeren batean ote zegoen galdezka. Ospitale askotara deitu zuten, baita Anzaren gorpua agertu den Tolosako ospitalera ere.
Salaketa. Abokatuek salaketa jarri zuten Baionako auzitegian, bilatzeko prozedura hasteko.
ETAren oharra. Maiatzaren 21ean ETAren agiria kaleratu zuen Gara egunkariak. Anza ETAko kidea zela zioen, eta Poliziak bazekiela hori. Apirilaren 18an Okzitaniako Tolosan ETAkoekin gelditua zela, baina ez zela iritsi. "Gerra zikinarekin" lotu zuen desagerketa.
Salaketa gezurtatu zuten. ETAren salaketa «gezurra» zela esan zuten jarraian Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. Ekainean, desagerketa "ETAren arazoa" zela esan zuen Rubalcabak.
Ikerketa abiatzeko agindua. Egun berean, desagerketari buruzko ikerketa abiatzeko eskatu zuen Baionako fiskalak. Maiatzaren 22an, Anzaren etxea miatu zuten Ahetzen.
Herritarrak bilaketan. Anza bilatzeko lanean hasi ziren boluntarioak taldeka, herritarrei galdetuz eta preso ohiaren argazkiak kaleetan itsatsiz. Talde bat Tolosako ospitalera ere joan zen galdezka. Ia hamar hilabete geroago, han agertu da hilotza.
Mobilizazioak. Maiatzean bahiketaren hipotesia nagusitzearekin batera hasi ziren protestak. Eta ehunka mobilizazio egin dira, Non da Jon? lelopean. Ekainean milaka lagunek salatu zuten Donostian Anza "gerra zikinaren biktima" zela, eta, irailean, bi mila lagunek egin zuten martxa Donibane Lohizunen. Hilero, 18. egunean, protestak egin dituzte herri askotan. Presoek ere egin dituzte protestak.
Hedabideak poliziei begira.Gara egunkariak iturri sinesgarriak aipatuta argitaratu zuen Espainiako Poliziak Anza trenean harrapatu, legez kanpo galdekatu, hil eta lurperatu zuela. Le Monde egunkariak ere sinesgarritasuna eman zion Espainiako Poliziak bahitu izanaren hipotesiari. Hil honetan, "bahiketaren eta Espainiako Poliziaren hutsegitearen hipotesiari" indar eman dio Liberation egunkariak. Jacques Massey kazetariak ETAri buruz kaleratutako liburuan, Espainiako Poliziaren zerbitzu sekretuei egotzi zien "bahiketa".
Andreu epailea. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epaileak ikerketarako diligentziak hasi zituen otsailean, Baionako fiskalak eskatuta.
Kronologia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu