Kronologia

2010eko maiatzaren 18a
20:11
Entzun
1999

Irailak 18. Bilboko Euskalduna jauregian Udalbiltza sortu zuten, Euskal Herri osoko talde abertzale guztietako 2.000 udal hautetsirekin.

2001

Otsailak 24. Kursaalean egin zuen lehen bilera ezker abertzaleko zinegotzi eta alkateek kudeatutako Udalbiltzak. Liskarrak zirela tarteko, Udalbiltza banatuta zegoen. EAJko eta EAko hautetsiak Udalbiltzaren alde batean geratu ziren, eta ezker abertzalekoak eta hainbat independente bestean.

2003

Apirilak 29. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz, Espainiako Poliziak Udalbiltzako zortzi kide atxilotu zituen. Erakundearen egoitzak miatu eta zigilatu ere egin zituen. Biharamunean, atxilotu guztiak espetxeratu zituzten.

Maiatzak 6. Bi urte eta erdi bilerarik egin gabe pasatu ostean, bi Udalbiltzek batzar bat egin zuten, polizia operazioaren ondoren elkarlana sustatzeko asmoz. Ordutik, behar hori etengabe aldarrikatu da, baina bi Udalbiltzek ez dute sekula batasunik lortu.

Maiatzak 10. Manifestazio jendetsua egin zuten Bilbon, Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari lelopean. EAJ, EA eta EBk ez zuten parte hartu.

Maiatzak 23. Beste hiru hautetsi espetxeratu zituen Garzonek. Tartean, Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakaria.

Ekainak 25. Garzonek bi urtez eten zituen Udalbiltza Elkartea, Partzuergoa, eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa. Gerora, 2008ra arte luzatu zuen jardueren etetea.

Irailak 24. Leire Idoiaga espetxetik irten zen 30.000 euroko bermea ordainduta.

Irailak 28. Xarlo Etxezaharreta atxilotu zuten, eta espetxera bidali zuen bi egun geroago.

Urriak 6. Eider Casanova eta Larraitz Sanzberro aske geratu ziren, 30.000 euroko bermea ordainduta.

2004

Apirilak 6 eta 7. Loren Arkotxa, Imanol Esnaola, Miren Josu Aranburu eta Xarlo Etxezaharreta aske geratu ziren. Aurreneko hirurek 30.000 euroko bermea ordaindu zuten, eta Etxezaharretak 60.000 eurokoa.

Apirilak 20. Oscar Goñi, Lander Etxeberria eta Txema Jurado auzipetuak espetxetik atera ziren, haietako bakoitzak 30.000 euroko bermea ordainduta.

Abuztuak 11. Udalbiltzako 11 kide inputatu zituen Garzonek, “talde terroristarekin harremana izatea” egotzita.

Irailak 1 eta 2. Inputatuek Garzonen aurrean deklaratu zuten. Aske geratu ziren guztiak.

Irailak 6. Karmele Urbistondo aske gelditu zen, 30.000 euroko bermea ordainduta.

Irailak 22. ETAkoak izatea egotzita 21 lagun auzipetu zituen Garzonek. Geroago auzipetu zuen Arbulu.

Urriak 6. Auzipetuak Garzonen bulegora joan ziren auzipetze autoa jasotzera. Akusazio guztiak gezurra direla esan zioten epaileari.

Abenduak 4. Xabier Alegria eta Miriam Campos aske atera ziren 30.000 euroko bermea ordainduta.

Abenduak 21. Joseba Garmendia espetxetik atera zen, 60.000 euroko bermea ordainduta. Ordaindutako erdia Udalbiltza auzia-gatik zen, eta beste erdia herriko tabernen auziagatik.

2005

Maiatzak 6. Ibon Arbulu Espainiaratu zuen Frantziak, euroagindu eskaera baten bitartez. Espetxeratzeko agindu zuen epaileak.

2007

Irailak 7. Udalbiltza Elkartea, Partzuergoa, eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoari beren jarduna berrekiteko baimena eman zien Auzitegi Nazionalak.

Irailak 12. Guztira 240 urteko espetxe zigorrak eskatu zituen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Udalbiltzako 22 auzipetuentzat.

2010

Maiatzak 13. Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazi zuen aurtengo uztailaren 15ean hasiko dela Udalbiltzaren aurkako epaiketa. Uztailaren 16, 22 eta 23an ere saioak izango dira, eta irailean jarraituko dute -7, 8, 9, 13, 14 eta 15ean-. Saio denak Auzitegi Nazionalean izango dira, Javier Gomez Bermudez dela epaimahaiburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.