Abuztuak 7. Iñaki de Juana euskal presoak gose greba mugagabea egiteari ekin zion Algecirasko (Espainia) espetxean. Ezarritako kartzela zigorra bete zuela eta beste deliturik ez zuela egin, eta berarekin egiten ari direna «bidegabekeria onartezina» delako hasi zuen borrokaldia. «Atzera egiteko inolako asmorik ez» zuela esan zien orduan senide eta lagunei.
Abuztuak 18. Algecirasko ospitalera eraman zuten. Espetxe Erakundeetako eledun batek adierazi zuen analisi klinikoak eta zehaztu gabeko zenbait proba egiteko eraman zutela erietxera. Probak egin, eta kartzelara eraman zuten atzera.
Abuztuak 21. Gose grebaren 15. egunerako 10 kilo galduak zituela esan zuen Etxerat-ek. Espetxe Erakundeek De Juana «egonkor» zegoela zabaldu zuten, eta otorduak ziegan eskaintzen zizkiotela.
Abuztuak 24. Erietxera eraman zuten berriz, analisiak egiteko. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea Juan del Olmok «beharrezkoa zenean» ospitalera eramateko agindu zuen.
Abuztuak 31. De Juanak 15 kilo galduak zituela gogoratu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.
Irailak 15. De Juanaren osasun egoera larriagotzen zenean presoa indarrez elikatzeko agindua eman zezala eskatu zion fiskalak Espainiako Auzitegi Nazionalari.
Irailak 16. «Gose greba da 'aski da!' esateko dudan modu bakarra». Mezu hori zabaldu nahi izan zuen De Juanak, BERRIA-ri helarazitako eskutitzaren bitartez.
Irailak 18. Ospitalera eraman zuten berriz, gose grebaren 44. egunean.
Irailak 19.De Juana elikatzen hasi ziren, osasuna arriskuan zuela argudiatuta. Tratamendua «normaltasunez eta arazorik gabe» eman ziotela esaten zuten medikuek. 45. eguna zuen gose greban.
Irailak 22. Erabaki guztiak bere «borondatearen aurka» hartu zituztela salatu zuen De Juanak, Gara egunkariari eskainitako elkarrizketa batean. Elkarrizketak irailaren 14ko data zuen.
Irailak 29. Milaka lagun atera ziren kalera De Juanaren eta euskal presoen alde, Etxerat-en hileko azken ostiraletako kontzentrazioetan
Irailak31. Sudurretik urdaileraino doan zunda bat sartu zioten, «bere borondatearen kontra elikatzeko».
Urriak 3. Ibaetako Foroko ordezkaritza baten bisita jaso zuen erietxean. Bere borroka «bururaino» eramango zuela jakinarazi zien Iñaki de Juanak, gose grebaren 58. egunean.
KRONOLOGIA/Bi hilabete gose greban
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu