Adostasun guztiek ez ditu alde guztiak asetzen. Eta hori Galizia eta Asturiasen kasura ere eraman daiteke. Pasa den astean berdelaren kuota banaketan hartutako erabakiak ez ditu ase lurralde horietako arrantzaleak, gutxiegi egokitzen zaiela uste baitute. Baina batez ere, inguraketako modalitatean behar egiten duten langile galiziarrak izan dira kontrako jarrera hori Santiagoko kaleetara eraman dutenak. Mobilizazio horietara arrantzale asturiarrak ere joan ziren, kuota banaketarekin ez baitaude ados. Tentsio une handienak asteazkeneko manifestazioan bizi izan ziren, polizia eta arrantzaleen artean liskarrak egon baitziren. Balantzea, hiru atxilotu eta zortzi polizia zauritu. Berdela arrantzatzeko kuota altuagoa eskatzen zuten, bestela “miseriara” kondenatuta leudekeelako. Eta sarearekin behar egiten duten arrantzale horiek kuotaren %24,86 daukaten arren, txikia da arrantzatu dezaketen berdel kopurua: 3.406 tona.
Kantauri itsasorako ezarritako kuotaren banaketa abenduaren 20an adostu zen inguraketan behar egiten duten lau erkidegoetako kofradia federazioetako ordezkari eta agintarien artean. Baina Rosa Quintana Galiziako Nekazaritza eta Itsaso kontseilariak bilera hartan izandako papera kritikatu dute arrantzaleek, “ez zituelako” euren interesak defendatu Marcos Vazquez inguraketako arrantzako armadoreen ordezkarietako baten arabera. Pasa den asteazkenean kontseilariarekin biltzekoak ziren kuotaren banaketaren inguruan hitz egiteko, baina batzar hori bertan behera utzi zuten. Abenduaren 20tik ari dira bilera eske arrantzaleak, eta behin mahaian eseri zirenean, “bandaloak” zirela leporatu zien Quintanak. “Hitz horiengatik barkamena eskatu ezean ez gara berriz eseriko”, zioen Vazquezek. Kontseilariak berriz biltzeko eskaera egin die, baina arrantzaleek erantzun: “Madrilera eraman gaitzala besterik ez dugu nahi, arazoa han baitago, ez hemen”. Alegia, berdelaren kuota banaketaren arazoa bertan konpondu behar dela aldarrikatu dute.
Bi kudeaketa eredu
Kuotaren banaketa Madrilen hartu den arren, kuota hori kudeatzeko modua erkidego bakoitzeko arrantzaleek aukeratu dute. Espainiako Gobernuak arrantza kudeatzeko neurriak hartu ditu, “iraganeko kontrol kaskarrak hobetzeko”, Carlos Dominguez Espainiako Arrantza idazkari nagusiaren arabera. Hau da, orain arte arrantzaldiak zabaltzen zirenean kuota maila bat zegoen, eta hori gainditzen zenean ixten zen Madriletik. “Arrantza olinpikoa egiten zen, eta ahal bezainbeste harrapatzen zuten arrantzaleek”. Modu horretan kuotak kontrolatzea zaila egiten dela arrazoitzen du, eta horri adibidea jarri: pasa den urtean baimendutakoa baino berdel gehiago arrantzatu zela. Hori ekiditearren, erkidego bakoitzak kontrolatu beharko du euren arrantzaleek harrapatzen duten arrain kopurua.
Espainiako Gobernuak indarrean jarri duen araudi berriak bi kudeaketa eredu ezberdin jartzen ditu aukeran. Liskarrei buruz galdetuta, euskal arrantzaleek diote arazoa Galiziako arrantzaleen arteko elkartasun eza dela. Izan ere, galiziarrek itsasontzi bakoitzaren taimanaren eta marinel kopuruaren arabera banatu dute kuota. Hau da, bapore handiek txikiek baino askoz kuota handiagoa eduki dezakete. “Arrantzontzi handi eta txikien artean sekulako aldeak sortuko ditu horrek”, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariaren arabera. Euskal arrantzaleak, berriz, saiatu dira banaketa “bidezkoago” bat egiten, lurralde bakoitzari zegokion kuota zaku berean sartu dutelako. Era horretan, ontzi handien eta txikien arteko aldea ez da horren handia izango proportzionalki. “Arrantzaleek elkarren artean adostu dute kudeaketa mota hori, eta txalogarria da”.
Hori dela eta, berdelaren kuotak Galizian sortu dituen liskarrak kudeaketa ereduari lotu dizkio Azkuek, daukaten arrantza muga handia edo txikia gorabehera. “Kudeaketa bateratua egingo balute, arrantzale bakoitzak arrantza handiagoa edukiko luke”, ziurtatu du. Eta ukatu egin du galiziarrek euskal arrantzaleei leporatzen dioten salaketa nagusia, hots, kuota handiegia dutela: “Galiziako zenbait itsasontzik hemengo batzuek baino kuota altuagoa daukate”. Horregatik, arrantzaleek euren artean konpontzeko auzia dela uste du.