I. Murua Uria
Euskal kultura «krisiak jota» dagoela eta, kultur politika garai berrietara egokitzeko «aldaketa estrategikoa» proposatu du EAJk, datozen lau urteetako ildoak finkatzeko barne prozesuaren barruan eztabaidagai duten txostenetako batean, Euskal Kultura eta Kultur Politika izeneko txosten zirriborroan.
«Jokabide aldaketa hau gidatzeko eta aurrera eramateko oinarrizko lanak zeintzuk diren erabakitzeko EAJren apustua argi utzi nahi luke txosten honek», dio Markel Olanoren ardurapean osatutako idatziak. EBBn hezkuntza eta kultura arloko arduraduna izan zen Markel Olano, joan den uztailean Gipuzkoako diputatu nagusi izendatu aurretik.
Lau txosten izango dituzte eztabaidagai EAJko kideek datozen hilabeteetan, datorren abenduko Batzar Orokorrean onartzeko: kulturari buruzkoa, gizarte politikei buruzkoa, antolakuntzari buruzkoa eta ildo politikoari buruzkoa. Lehenengo hiruren zirriborroak militanteen esku daude uztailaz geroztik, baina txosten politikoaren zirriborroa bukatu gabe dago.
KULTURA ETA EKONOMIA. Euskal kulturak «une kritiko, korapilatsu eta sakona» bizi du, EAJren iritziz. «Frankismoaren garaiko zapalkuntzaren ondoren» aurrerapauso handiak eman baziren ere, gaur egun «oso mehatxatuak» daude euskal kulturaren «edukien sormena, zabalkundea, errentagarritasuna eta gizartean duen eragina», batik bat «Espainiako eta Frantziako estatuetan nagusi diren kulturen ondorio lehergarriengatik» eta «anglosaxoi kutsu nabarmena» duen globalizazioagatik.
«Munduan gertatzen ari den iraultza kulturalean» behar bezala egokitzeko, sormen gaitasunaz gainera «kultur enpresa sendoak, egoki finantzatuak eta teknologia aldetik behar bezala kokatuak» behar direla dio txostenak, eta horretarako «baliabide eta lanabes berriak» jarri behar direla. Beste arlo batzuetara bideratzen diren dirutzen «zatitxo bat» besterik ez litzatekeela behar dio, gainera, zirriborroak: «Ekonomia berriaren eta euskal kultura berriaren oinarriak sendotzeko, errepide eta azpiegituretan urtero xahutzen den dirutzaren zatitxo bat nahikoa izango litzateke».
Txostenak proposatzen duen ikuspegi aldaketaren baitan, erakunde publikoen jardun politikoaren eta ekonomikoaren barruan «leku nabarmena» behar luke kultur politikak. «Funtzio kolektiboa» litzateke, sail bakarraren ardurapeko gaia izateari utzita. Hala, kultur politikarako beharko diren «baliabide ugariak» Kultura sailetik ez ezik, «Hezkuntzatik, Industriatik, Turismotik, Ogasunetik, Lurralde Antolakuntzatik eta abarretik» etorri beharko lukete, eta egitasmoak sailen arteko elkarlanean gauzatu.
Kulturak ekonomia behar du, eta ekonomiak, kultura: «Kulturak duen indar ekonomikoaz jabetu behar da». Zirriborroaren arabera, «ekoizteko eta garatzeko ipintzen diren bitartekoen esku da kulturaren etorkizuna», baina aldi berean «norbere kulturaren aldeko apustuak baditu barne ekonomiarako abantaila batzuk», besteak beste «kultur kontsumoaren ekoizpenak eta mailak Barne Produktu Gordinean nahiz ekonomia eta gizarte ehundura guztian eragin zuzena duelako».
«Erronka berria», beraz, «materiarik gabeko ekonomia» bultzatzea da, jakintzarekin eta kultur edukiekin zerikusia duten jardun ekonomikoak bultzatzea: «Ukitzen den ekonomian nabarmendu gara euskaldunok, burdinen eta makinerien ekonomian. Ukiezinen eta jakintzen ekonomiara iragan behar da orain». Eta, txostenaren arabera, «materiaren eta burdinaren ekonomiak ez dio oraindik lekukorik eman ukiezinen, diseinuen eta kulturaren ekonomiari».
HERRI ERAKUNDEAK. Eragile publikoen eta pribatuen arteko beste harreman eredu bat ere proposatzen du txostenak, bataren eta bestearen ekinbideak hobeto uztartze aldera. Batetik, erakunde publikoen arteko koordinazio hobea behar dela dio, eta sakondu egin behar dela subsidiariotasun printzipioan. Bestetik, «gizartearen eta sortzaileen partaidetza» ezinbestekoa dela, eta orain arteko ereduak ez duela balio: «Herri-erakundeek erabaki eta gizarteko taldeek eskatu, eredu hori zahartu da. Agintariak estutuz bakarrik lor daitezkeela gauzak, ustela da. Herri-erakundeen eta kulturaren arloko elkarte eta taldeen artean arrazoizko eta elkarrekin onartutako irizpideetan oinarritutako eredu hitzartuari egin behar zaio bide».
Kultur politikarako «ardatz batzuk» proposatzen ditu ondoren txostenak, horien artean Eusko Jaurlaritzaren?? Kulturaren Euskal Planak jasotako hainbat: besteak beste, kulturaren politika integrala egitea, kulturaren demokratizazioa bultzatzea, euskal nortasunaren eta modernitatearen aldeko apustu bikoitza egitea edota Euskal Herri osoari begirako politika egitea.
«Apustu handitzat» dauka, halaber, euskal kulturaren edukien plataforma eratzea Interneten: «Gure kultura bizkortzeko motore bilaka daiteke alor hau. Erronka honi trebeziaz heltzeko gauza bagara, erraldoiaren urratsa egingo dugu badatorkigun krisia gainditzeko».
Txostenak proposatzen dituen irizpide berriek eragina izan beharko lukete aurrekontuetan ere: «Honek paradigma aldaketa eta erregistro aldaketa eskatzen du, jakintzari, kulturari eta komunikabideei lehentasuna emanez, eta horretarako ezinbestekoak dira aurrekontu alorreko apustua, orain arte ez baitute apenas neurria eman». Izan ere, zirriborroak azken ondorioan dioenez, «kultur arloei begira baliabide zabal eta ugariak egokitu behar dira, agiri honetan aipatutako erronkei modurik egokienean erantzun ahal izateko».
«Ikuspegi aurrerakoia eta humanista»
Gizarte arloko politiketan EAJren jardunerako irizpideak eta helburuak proposatzen dituen txosten zirriborroa ere afiliatu jeltzaleen esku dago uztailetik, antolakuntzari buruzkoa bezala. 68 orrialdeko txostenean, gizarte ekintza, genero berdintasuna, gizarte mugimendu berriak eta garapenerako lankidetzaren alorrak jorratzen ditu Gema Gonzalez Txabarri EBBko kidearen ardurapean osatutako txostenak.
Sarreran dioenez, EAJren ezaugarrien artean daude «gizarte eraldakuntza», «bizitzaren ikuspegi aurrerakoia» eta «ikuspegi humanista».
Alderdi barruko antolakuntzari buruzko txosten zirriborroak, besteak beste, EBB eta gainerako egiturak berritzeko barne prozesua sinpleago egiteko hainbat egokitze proposatzen ditu, baita alderdiaren funtzionamenduan nazio ikuspegia gehiago zaintzeko hainbat aldaketa ere.
Kultur politikan «aldaketa estrategikoa» egitea proposatu du EAJk eztabaidarako txostenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu